Modus Operandi eta Mirari Altsasuko gaztetxean
Date
02.15.25 - 02.15.25
Place
Nafarroa - Altsasu

Altsasuko gaztetxeak 35 urte beteko ditu otsailean eta hori ospatzeko kontzertu festa burutuko da larunbatean 'Gazte guztiak bat eginik ez gabiltz gerorik gabe' lelopean. Euskal Herriko gaztetxeen artean aitzindaria da Sakana bailarako gune okupatua, eta antolatu dituzten ehunka ekitaldi eta ekimenen artean, zuzeneko musikari estuki lotuta izan den gaztetxea da honakoa. Urte hauetan guztietan zehar ugariak izan dira bertatik igaro diren musika taldeak, ehunka (mila baino gehiago akaso) kontzertu egin baitira bertan. Bailarako musika taldeei jotzeko aukera zuzena emateaz gain, Euskal Herri osoko taldeak jo dute gaztetxe txiki bezain goxoan, eta estatu espainoleko zein atzerriko taldeak ere aritu dira, Europa zaharretik zehar egindako biretan murgilduak. Larunbatean etxeko bi talde ariko dira zuzenean, Modus Operandi eta Mirari. Arratsaldeko 18.00etan urtemugaren aurkezpena egingo da gaztetxean bertan, eta gaueko 23.00etan piztuko dira anplifikagailuak. Sarrerek 5 euroko balioa izango dute, eta gaztetxean bertan eskuratzeko aukera izango da 22.30etatik aurrera.
Mirari
2024 urteko udaran eman zen ezagutara Mirari taldea, eta urte bereko neguan kaleratu zen taldearen estudioko lehen diskoa. Baga Biga diskoetxearen babesean ikusi zuen argia debuteko lanak, eta bertan taldeak sorturiko zortzi kantu biltzen dira. Diskoa giro dantzagarrietan dator, eta popa, rocka, giro latinoak edota ska giroak entzun daitezke bertan. ‘Mundu Berria’ izenpean dator debuteko lana, eta taldekideen artean Nafarroako eszenako musikaria arituak batzen dira, nagusiki erromeria giroetatik etorritakoak, musika abentura berri bat abian jarriz. Diskoa kalean zuzeneko emanaldiak dira taldearen jomuga nagusia.
Modus Operandi
Iñaki Ortiz de Villalba abeslari ezagunak gidatzen du Modus Operandi banda. 2018 urtetik martxan estudioko hiru disko argitaratu dituzte, eta horietako azkena formatu bikoitzean dator ‘Atzo / Gaur’ izenpean. Diskoaren lehen zatian Euskal Herriko kantu ezagunak moldatzen dituzte euren erara, besteak beste, Barricada, Ken 7, Berri Txarrak, La Polla edota Latzen taldeen ereserkiei moldaera berri bat emanez. Gainera, lankidetza zabala dute abesti horietan, eta Afrika Bibang, Dupla bikoa, Aiora Renteria, Jokin Pinatxo edo Danae Riaño izan dituzte lagun. Bigarren zatian taldearen bost kantu berri entzun daitezke, orain artean landu dituzten ska, rock, funk, salsa, rap edota erritmo lantindarretan sakonduz.
Location
Gaztetxea
15 C. Txiki Polita
Altsasu. Nafarroa