Musika eta elkartasuna Villabonan

Date

12.14.24 - 12.14.24

Place

Gipuzkoa - Villabona

Kaleko Urdangak taldeko lau kideak.
Kaleko Urdangak taldeko lau kideak. (KALEKO URDANGAK)

Musika eta elkartasuna elkarrekin helduta joan izan dira sarri Euskal Herrian, eta asteburu honetan beste ‘Bada garaia gauzak aldatzeko. Biolentzia Polizialik ez’ elkartasun jaialdia ospatuko da Villabonako Errebote plazan. Xuhar herri plataformak antolatu du jaialdia, Xuhar Pazos gazteari sostengua eta babesa eskaintze aldera, eta egungo polizia eredua aldatzeko premia aldarrikatuz. Arratsaldeko 16.00etatik aurrera hamabi musika talde ariko dira zuzenean karpa erraldoiaren azpian. Sarrerak dagoeneko salgai daude 20 euroen truke.

Musikalki anitza

Eskaintza anitza eta askotarikoa izango den arren, erritmo indartsuak eta zaratatsuak izango dira nagusi egun osoan zehar. Punk rock eta punk oi! giroak nagusituko dira, eta hor kokatzen dira Kaleko Urdangak,  Nafarroa 1512, Azken Sustraiak, Kontralde edo Arkada Social & Des-Kontrol bezalako taldeak. Añube taldeak, berriz, erritmo hauetan ditu sustraiak, baina giro folkeroetara bideratzen ditu bere doinuak, bestelako kolore bat emanaz euren musikari. Metal bortitzak eta hardcoreak ere toki izango dute afitxean, eta Bayou La Batre, Frakture, Sangre edo Goma 2 taldeak kokatu daitezke norabide horretan. Emanaldian Villabona bertako  Gorroto Bala taldea ariko da ere, musikalki abiadura biziko erritmo azkarretan.

Karpa erraldoia

Eguraldia eskasa eta hotza ez dira oztopo izango larunbat arrats gauean. Karpa erraldoia muntatu da Erreboteko plazan, eta bertan kontzertuez gozatzeko aukera ederra izango da. Zuzeneko musikaz gain, ez da edatekorik edo jatekorik faltako, goizaldeko ordu txikiak bitartean zabalduko den gaualdian. Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta oraindik orain sarrera batzuk geratzen dira jaialdiaren atari digitalean.

Location

Errebote plaza
Errebote plaza
Villabona. Gipuzkoa

Links