Nork bere irudimena pizteko gonbita luzatu du Errobiko Festibalak
Date
07.17.25 - 07.20.25
Place
Lapurdi - Itsasu
Uztailaren 17tik 20ra egingo da Errobiko Festibala. Hiru ardatzen gainean egituratu dute aurtengo egitaraua. «Berezia» ez ezik, «festibal utopikoa» eta «sustraiei lotua» ere izango da, Julen Axiari festibaleko zuzendari artistikoaren esanetan.
«Errobiko festibalak, 29 urtez, populuen arteko topaketa, munduaren ahotsak, eta musiken, dantzen eta arte plastikoen arteko bide artistikoak ospatzen ditu. Zatozte gurekin Alegiazko Munduak ardatz dituen edizio honetara, Batutoek gidatuko gaituzten sinfonia poetiko eta sentsorialean», luzatu dute gonbita.
Nork bere irudimena pizteko deia egin dute antolakuntzatik. «Irudimenak errealitatea elikatzen duenez, irudimenak aldatu behar lirateke errealitatea iraultzeko».
Edouard Glissant idazlearen batutoen irudimenezko populu zapaldua omenduko dute aurtengo aldian. Erreferentzia egingo diote 1999ko Sartorius, ‘Le roman des batoutos’ (Sartorious, batoutoen nobela) liburuan kolonizazioak zapaldu populuari. Batutoen sinfonia sortu dute espreski, eta uztailaren 19an emango dute.
Batutoak jomugan hartuta, hiru solasaldi antolatu dituzte. Uztailaren 17an, Mairu, Rebecca Roger Cruz eta ‘Xiberoa Kantuz Loraturik’ ikusgarriko kideekin hasiko da hitzaldi sorta. Kantuaren, transmisioaren eta mitologia izango dituzte hizpide. Hurrengo egunean Archetypal Syndicate, Atrium, Crocodile, Lurodei eta Trucs taldekoak arituko dira.
Euskal Herritik kanpoko artistek hitzordua dute Itsasun aurreko urteetan bezala. Rebecca Roger Cruz kantariak kontzertua emanen du festibaleko lehen egunean, Atharri gelan. Norvegiako eta Frantziako T.I.M. folk taldeak ere joko du, uztailaren 19an. Coral Rojo taldeak, berriz, Txileko polifonia garaikide eta espiritualak plazaratuko ditu egun berean, Atharrin. Gauean, Muzungu hirukoteak Kongoko doinuak ekarriko ditu.
Euskal Herriko musikak ere izango du lekua Itsasun. Mairu taldea arituko da festibaleko lehen egunean, gauerdian. Lurodei bikoteak, bere aldetik, Euskal Herriko kantu tradizionalez osaturiko errepertorioa plazaratuko du uztailaren 18an, festibaleko karpan, 17.00etan.
Berezitasun bezala, oihanean barrena ibilbide artistikoa eta musikala iragarri dute Jean Christian Irigoien Galtxetaburu akordeoilaria, Koldo Ameztoi kontalaria eta Beñat Axiari musikariaren eskutik. Uztailaren 19an da hitzordua.
Egitaraua ikastaroekin osatuko da. Uztailaren 14tik 16ra Axiarik euskal kantuak eta basahaideak ezagutaraziko ditu Axiarik. Zoe Perretek, bere aldetik, Georgiako kantuak landuko ditu. Txomin Dhersek txalaparta ikastaroa emango du, eta Marianne Le Tronek norberaren ahotsa lantzeko tailer bat gidatuko du.
Informazio gehiago webgunean.
Location
Itsasu
Itsasu
Itsasu. Lapurdi