Odolaren Mintzoa taldearen azken emanaldia
Date
01.25.25 - 01.25.25
Place
Gipuzkoa - Usurbil

Odolaren Mintzoa taldeak bere musika bidea etengo du larunbatean Usurbil herriko frontoian eskainiko duen emanaldi berezi batekin. 18 urte eta gero, laukoteak gitarrak zintzilikatuko ditu, bidean, iraupen luzeko lau disko argitaratu eta gero.
Emanaldi berezi honetan, lagunak izango dituzte ondoan, eta bide horretan herriko musika taldeak gehitu dira azken musika festa handira. Viafara, Hysteria, Zaparra, Mihise, Txiskeroak, Ameba eta Rukula izango dituzte agertokian lagun, eta gaualdia borobiltzeko DJ Jotatxo musika jartzailea.
Musika festa goizetik hasiko da Elektropapo elektro txarangaren saioarekin, eta ondoren herri bazkaria izango da frontoian bertan. Bazkalondoan Anuk eta Elene ariko dira saio akustikoan eta 17.30etan hasiko dira zuzenekoak. Sarrerak dagoeneko salgai daude Usurbilgo Aitzaga eta Txirrista tabernetan edo usurbilkultura.eus atarian.
Odolaren Mintzoa
Jokin Irastortza (bateria), Beñat Txueka (gitarra), Luken Arkarazo (gitarra eta ahots nagusia) eta Joanes Txueka (baxua eta koroak) dira Odolaren Mintzoa. 2006 urtean sortu zen banda formazio horrekin, eta 18 urte geroago talde era horretan emango dute azken emanaldia. Bidean dozenaka zuzeneko kontzertu, eta lau diskoz osaturiko uzta ederra utzi dute, eta batez ere, lagunarteko une ederrak.
2013 urtean argitaratu zuen ‘Odolaren Mintzoa’ debuteko lana, eta urtebete beranduago, ‘Elkar Estudioa Sesioak’ izenpean ikusi zuen argia estudioan egindako zuzeneko diskoa. 2017an iritsi zen ‘Etsipenaren aurka’ grabaketa, eta 2022an ‘Hauskor’, taldearen azken estudioko lana. Musikalki punk rocka eta hardcore melodikoa lantzen ditu laukote Usurbildarrak, energia handiko kantuak jorratuz. Sortu ziren bezala esango du agur bandak, agertokian musikaz gozatzen lagunartean.
Herri Bizia
Musikalki herri bizia da Usurbil. Talde ugari ari dira bertako entsegu lokaletan kantuak sortzen, eta horietako asko Odolaren Mintzoaren azken emanaldian izango dira. Rock musika ardatz, moldaera ezberdineko doinuak entzun ahalko dira larunbatean, eta horietako batzuek disko berriak aurkeztuko dituzte taula gainean. 18.00etan hasiko da musika festa, eta Viafara, Hysteria, Zaparra, Mihise, Txiskeroak, Ameba eta Rukula taldeek jo ondoren, taularatuko da azken aldiz Odolaren Mintzoa.
Location
Frontoia
Frontoia
Usurbil. Gipuzkoa