Olaia Inziarte eta Txopet Izpegin

Date

09.20.25 - 09.20.25

Place

Baxe-nafarroa - Baigorri

Olaia Inziartek 'Zerrautsa’ diskoa taularatuko du larunbatean
Olaia Inziartek 'Zerrautsa’ diskoa taularatuko du larunbatean (MAITANE CAMPOS FUNDAZURI)

Baztango eta Baigorriko gazteen harremanak sendotzeko helbururuz sortu ziren Izpegiko jaiak duela hiru urte, eta asteburu honetan ospatuko dira ostiral zein larunbatez. Basaizea elkartea, Baztango Gazte Asanblada, Baigorriko gazteak eta Erratzuko gazteak batu dira ekimen honetan, eta egitarau ederra prestatu dute irailaren 19an eta 20an Izpegiko lepoan. Larunbaterako prestatu dira hitzordu nagusiak, eta gaueko 22.00etan hasiko dira zuzenekoak, non Olaia Inizarte, Txopet eta DJ Üzkülüz batu dituzten afitxean. Emanaldiak doakoak izango dira.

Olaia Inziarte

Pleura taldean ezagutu genuen urteak atzera Olaia Inziarte abeslaria, eta gerora, besteak beste, Iker Laurobaren ondoan, Joseba Tapiaren bandan eta Chica Sobresalto egitasmoan aritu izan da musikari gisara. Bere bakarkako bidean bi disko kaleratu ditu, eta debuteko ‘Lehengo Lepotikan Burua’ diskoari  ‘Zerrautsa’ diskoak eman dio segida 2025 honetan. Musikalki askotariko eremutan barneratzen da Olaia Inziarte bere donuetan, izan ere, rock kantuak badira, kantautore erako abesti akustikoagoak ere, eta tartean popa, soula eta elektronikaren zertzeladak. Emanaldian bere banda izango du lagun, bost musikariez osaturiko talde ederra. 

Txopet

Doinu poperoetatik hasi, eta post hardcore edo post punk erritmoen artean kokatzen da Txopet taldea. Hiruko moduan taularatzen da banda, eta taldearen hastapenetatik Andoni Barinaga-Rementeria (bateria), Iñigo Guemes Wemes (baxua) eta Jon Fernandez (gitarra eta ahotsa) dira Txopet. Musika bidean zenbait lan kaleratu dituzte, tartean, ‘Nahiz eta Jausi’ eta ‘Ostabe zuloan’ disko luzeak. Taldearen ezaugarrietako bat abesteko orduan auto-tunearen erabileran dago, eta horrek ematen dio nortasuna hirukoari. Kontzertu bero eta eroak eskaintzen ditu bandak, eta seguru Izpegin ere zer esana emango dutela.

Location

Izpegiko lepoa
Izpegiko lepoa
Baigorri. Baxe-nafarroa

Links