Sistiagaren ibilbidea islatzen duten 25 lan eskegi ditu Ziburuko Arte Bideak galeriak

Date

04.12.24 - 05.26.24

Place

Lapurdi - Ziburu

Sistiagaren erakusketaren irudia.
Sistiagaren erakusketaren irudia. (Patxi BELTZAIZ)

Jose Antonio Sistiagak (Donostia, 1932) Ziburu izan zuen bizileku. Bertan bizi izan zen lau hamarkadaz. Arte Bideak galeriak omenaldia eskaini nahi dio bere heriotzaren lehen urteurrena –ekainaren 25ean hil zen 91 urterekin– betetzera doanean.

San Telmo Museora maiz joaten zen bisitari bezala haurra zenetik. Gaztetatik izan zuen pinturan interesa. Diziplina horrek markatu zuen bere bizitza. 1955 eta 1961 artean, Donostia eta Paris artean bizi izan zen, eta han garatu zuen inpresionismoaren estiloarekiko interesa. 1958an, Montparnasseko zinema batean Norman McClarenen film labur margotu bat ikusi zuen, eta orduan erabaki zuen gauza bera egitea. Lan eskerga egin zuen. Emaitza, ‘Ere erera baleibu izik subua aruaren...’, nazioartean ezagutzera eman zuen proiektu esperimentala.

Donostiar artistak egindako bide oparoari errepaso egin nahi dio erakusketak. Denera 25 lan, 50 urtetako lanaren isla. Galeriako paretetan eskegita dago 1959. urtean margotutako tindua. Baita 2015eko beste bat ere, azken etapa artistikoaren erakusle. 90. hamarkadako pastel eta argizariek ere badute lekua Arte Bideak galeriaren espazioan.

Jose Antonio Sistiagak eta Jorge Oteizak Gaur mugimenduaren lehen pausuak eman zituzten elkarrekin. Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Amable Arias, Remigio Mendiburu eta Rafael Ruiz Balerdi gonbidatu zituzten taldera. Arte abangoardia Euskal Herrian.

Sistiaga izan zen bizirik geratu zen azkena, 2020an Jose Luis Zumeta hil ondoren.

Maiatzaren 26ra arte ateak izango dituen erakusketak. Bisita ordutegiak honakoak dira: ostegunetan 16.30etik 19.00etara. Ostiral eta larunbatetan 10.30etik 13.00etara eta 16.30etik 19.00etara. Igandetan 10.30etik 13.00etara. Sarrera doan.
 

Location

Arte Bideak galeriak
Pocalette Kalea, 2
Ziburu. Lapurdi