Tooth taldearen azken emanaldia, Gernikan

Date

01.31.26 - 01.31.26

Place

Bizkaia - Gernika

Iker Roman ‘Mirri’, Edorta Apraiz, eta Pello Arzanegi ‘Arza’ dira Tooth.
Iker Roman ‘Mirri’, Edorta Apraiz, eta Pello Arzanegi ‘Arza’ dira Tooth. (TOOTH)

Tooth taldeak bere ibilbidea etengo du larunbat honetan Gernikako Iparragirre Rock Elkartean eskainiko duen emanaldi bereziarekin. Azken kontzertu honekin 16 urteko musika bidea itxiko du bandak, estudioko bost disko eta dozenaka zuzeneko emanaldi eskaini eta gero.

Xumeki egingo dute agurra, lagunartean eta etxea izan duten Iparragirren rock elkartearen agertoki ederraren gainean. Edukiera handiko areto, agur bira amaigabeak eta argi joko ikusgarriak alde batera utzita, etxe giroan esango dute agur, musika ibilbide koherente eta zintzoa itxiz.

Emanaldi honetako sarrera guztiak amaitu dira dagoeneko, eta egunean bertan ez dira atean gehiago salduko. Lagunartean itzaliko dira anplifikagailuak, hori bai, zarataz beteriko urte ederrak atzean utzita.

Tooth

Gernikako Iparragirre Rock Elkartean eman zituen lehen pausoak Tooth taldeak 2009 urte inguruan. Edorta Apraiz (gitarra, ahotsak), Iker Roman ‘Mirri’ (baxua, ahotsak) eta Pello Arzanegi ‘Arza’ (bateria) izan dira Tooth urte hauetan guztietan eta azken emanaldian ere horrela taularatuko dira, hiruko arriskutsuan.

Musikalki hardcorearen abiadura, post-hardcorearen bortizkeria eta punk jarrera izan dituzte identitate, eta garaian garaiko garapena tarteko, energia handiko kantuak jorratu izan ditu beti hirukoak.

Furgoneta zaharra errepidean erre dute eta dozenaka izan dira urte hauetan guztietan eskaini dituzten emanaldiak, Euskal Herrian ez ezik, espainiar Estatuan makina emanaldi burutu dituzte ere.

Bidean estudioko lau disko grabatu ditu taldeak, eta ‘Tooth’ (2012), ‘Bi’ (2015) ‘_Amaierarik ez...’ (2018) eta ‘Errautsetatik’ (2023) diskoetan amorruz eta amodioz beteriko 30 kantu baino gehiago batu dituzte.

Diskoak disko, zuzeneko talde bat izan da beti Tooth. Izan ere, agertoki gainean egiten dute eztanda taldearen kantuek, non intentsitatean eta energian gora egiten duten anplifikadoreak topera jarrita beti ere.

Azken Kantuak

Duela egun gutxi taldeak azken bi kantuak zintzilikatu ditu sarean, 2025 urtean zehar grabaturiko azken bi abestiak.

‘Ez naiz’ eta ‘Azken pausoak’ kantuak bandcamp gunean eskegi ditu hirukoak, taldearen diskografia osoa batuz plataforma digitalean. Bi kantu hauekin borobiltzen da taldearen bidea. 

Tano!

Emanaldia Tano! taldeak zabalduko du 21.30etan. Kataluniatik datorren musika taldea da honakoa, Tooth taldearekin agertoki ugari elkarbanatutakoak, eta emanaldi berezi honetako talde ezin aproposagoa.

Biko formatuan taularatzen dira, hardcore punk erritmo oldarkorretan.

Location

Iparragirre rock elkartea
Iparragirre rock elkartea
Gernika. Bizkaia

Links