Zea Mays, Iruñea eta Barakaldon
Date
07.11.25 - 07.12.25
Place
Nafarroa - Iruñea

Zea Mays taldearen ‘Elektrizitatea’ kontzertu bira aurrera doa, eta asteburu honetan bi emanaldi eskainiko ditu banda bizkaitarrak. Uztailaren 11 gauean Iruñeko San Fermin jaietan ariko da banda Gazteluko Plazan eta Dupla taldearekin batera. 23.45ean taularatuko da Aguraingo bikoa, eta 00.50etan izango da Zea Mays taldearen txanda. Larunbatean, berriz, Barakaldoko Karmen jaietan joko du laukoteak, herriko plazan eta 23.30etan hasita.
Zea Mays
Taldea hasi zenetik gaur egunera arte taldekide berberek osatu dute Zea Mays, eta hori ez da oso ohikoa ibilbide luzeko musika talde batean. Asier Basabe (bateria), Ruben Gonzalez (baxua), Iñaki Imaz ‘Piti’ (gitarra) eta Aiora Renteria (ahotsa) izan dira eta dira Zea Mays 1997. urtetik gaur egunera arte. Urratsez urrats egindako bidea izan da taldearena, disko bakoitzean zaletuak pilatuz, eta sona handituz emanaldi sutsu bakoitzean. Tartean, ‘Negua joan da ta’ kantaren arrakasta ere ezagutu dute. Urte hauetan guztietan diskografia oparoa batu du taldeak, eta ehunka dira eskaini dituen zuzeneko emanaldiak, horietako batzuk Euskal Herritik kanpora ere bai.
Elektrizitatea
Pasa den azaroan ‘Elektrizitatea’ kantuak 25 urte bete zituen, eta hori ospatzeko grabaketa berezia egin zuen Errekalde auzoko bandak. Urdulizeko Tio Pete estudiora 30 emakume gonbidatu zituen, eta guztien artean moldaketa berri bezain indartsu bat osatu zuten, kantuari bestelako dimentsio bat emanez. Beste askoren artean Jone Laspiur, Izaro Andres, Itziar Ituño, Ane Barrenetxea, Olaia Intziarte edo Lide Hernando aritu ziren kantuan, dagoeneko Euskal Herriko musika historiara igaro den abesti koralean.
Location
Gazteluko plaza
Gazteluko plaza
Iruñea. Nafarroa