Zero Hernaniko Goiz Argi tabernan punk gaualdian
Date
03.07.25 - 03.07.25
Place
Gipuzkoa - Hernani

Ostiral honetan, Zero taldearen kontzertua burutuko da Hernaniko Goiz Argi tabernan. 20.00 aurrera igoko da punk laukotea agertoki gainera, eta zuzeneko emanaldian 2024 urte amaieran argitaratu zuten ‘Cajón de mis medicinas’ diskoa aurkeztuko dute, taldearen bigarren estudioko emaitza. Gaualdia borobiltzeko Kraken eta Laya disko jartzaileak ariko dira goizalde arte, techno eta post punk giroko kantu zerrendarekin. Emanaldia doakoa izango da.
Goiz Argi
Makro jaialdi, areto, antzoki eta herrietako jaietako agertokiei, tabernen zirkuitua gehitu behar zaie gurean. Ugariak dira Euskal Herriko luze zabalean tabernatan eskaintzen diren emanaldiak, eta ezinbesteko arnas guneak bidea egiten ari diren dozenaka taldeentzako. Foko argitsuetatik haratago, nahikoa da ahots joko bat eta entxufe bat kontzertu bat egin ahal izateko. Bertan, ez dago distantziarik ezta oztoporik ere: riff distortsionatuak, bateria basatiak eta garrasi urratzaileak ikuslegoarengatik zentimetro gutxira lehertuko dira, intentsitate handiko giroa sortuz, beti ere, garagardo fresko batzuen konplizitatean. Goiz Argi, horretarako leku aproposa da, zuzeneko musika gertu-gertu sentitzeko eremu askea. Ez da hau, gainera, epe laburrean tabernan burutuko den emanaldi bakarra, apirilaren 11 gauerako Vietcong 68 eta Therror 73 taldeen emanaldi ospatuko da bertan.
Zero
Ostiral honetarako Zero taldearen emanaldia antolatu dute Goiz Argin. Banda osatzen duten musikariek errepideak erre dituzte aurretik makina musika taldeetan, eta hala ere, hasi berrien ilusioa mantentzen dute jotzen duten abesti bakoitzean. Rip, Des-kontrol, Piztu Punk, Victimas Club edota Begitruk bezalako taldeetan ibili eta gero, Zero punkaren alde basatienean murgiltzeko apustua da, norabide makarra batean sorturiko egitasmoa.
Hernaniko emanaldian ‘Cajón de mis medicinas’ aurkeztuko dute, taldearen amorrua eta gordintasuna jasotzen dituen disko berria, non letra zorrotz eta zuzenen bidez gustuko ez duten guztiaren kontra tiro egiten duten. Led Infiernok (ahots nagusia), Osoronek (gitarra), Otxek (baxua) eta Txerrak (bateria) osatzen dute banda, eta 2020 urtetik ari dira agertokian eztandarazten.
Makinek eta grabaturiko soinuek agintzen duten egungo musika eszenan, lau lagunek bizi bizian egindako ikuskizun basatia eskaintzen du Zero taldeak, inor axolagabe utzi gabe, energia osoz arituz zuzenean. Izan ere, kontzertuak dira taldearen eremu naturalena, non anplifikagailuak topera, izerdia eta punk jarrera nagusitzen den guztiaren gainetik.
Location
Goiz Argi taberna
Nafar kalea
Hernani. Gipuzkoa