ZorBer Fest jaialdia, Zornotzan

Date

02.07.26 - 02.07.26

Place

Bizkaia - Zornotza

Siempre me siento regular diskoa aurkeztuko du Zornotzan Chuleria, Joder taldeak.
Siempre me siento regular diskoa aurkeztuko du Zornotzan Chuleria, Joder taldeak. (DDT)

Otsailarekin batera, gure artean da berriz ere Zornotzako Zubiondo parkean burutzen den ZorBer Fest jaialdia. Honakoa laugarren edizioa izango da eta, aurrekoetan bezala, doakoa izango da.

Chulería, Joder!, Dinamita, Añube, Galazota eta No Limits izango dira agertokia hartuko duten bandak, guztiak, moldaera ezberdineko rock koordenatuetan. Emanaldia 18.00etan hasiko da gauerdian amaituko da. 

Chulería, Joder!

‘Siempre me siento regular’ diskoa kaleratu zutenetik, geldi ezin dabil Chulería, Joder! talde bizkaitarra. Ezkerraldetik, rockaren alde basatienean kokatzen da banda, punk jarrera duten kantu melodiko zein bortitzak taularatuz. Lan berria DDT banatzailearen babesean ikusi du argia, eta debuteko diskoaren bidea jarraitzen duela esan daiteke. Diskoak disko, zuzeneko talde bat da Chulería, Joder! banda, eta bertan egiten dute eztanda kantuek. Zornotzan erakutsiko dute hori bizi-bizia izango den zuzenekoan.

Dinamita

Larraga (Nafarroa) herritik datorren taldea da Dinamita. Punk rock musika lantzen dute, kantu azkar eta energikoen bidez, entzulegoa aztoratuz.

Hiru disko kaleratu dituzte, horietako azkena 2025 urtean argia ikusi zuen ‘Anti Humanos’ lan oldarkorra. Julen (gitarra eta ahotsa), David (baxua eta ahotsa) eta Aitor (bateria eta azpi-ahotsak) dira taldeko kideak.

Añube

Aspaldiko partez Añube taldea zuzenean ikusteko aukera izango da ZorBer jaialdian. Gipuzkoako herri ezberdinetako musikariek osatzen dute banda, eta Bergarako entsegu lokalean aritzen dira kantuak sortzen.

Punk rock eszenatik datoz taldeko musikariak, baino bestelako doinuetan aritzen dira Añuben. Folk rock giroetan abiatu zuten bidea, saxoaren presentzia nabarmenaz, eta giro akustikoetan oinarrituz lehen kantuak. Denboraren poderioz bestelako giroak sartu ziren, gitarrak zorroztu eta banda elektrikoago batean bilakatu zen egitasmoa, rockera gerturatuz.

Taldearen azken diskoak ‘Errautsetatik loratzen’ izena darama, eta lan hori izango da Zornotzako emanaldiaren zutabe nagusia.

Galazota

Arratia eta Galdakaoko musikariek osatzen dute Galazota taldea. 2020. urtetik martxan, punk rockaren errepidean kokatzen da banda, eta horren emaitza argiena ‘Heldu Orduko Usteldu’ diskoa.

2024 urtean kaleratua, taldearen estudioko bigarren emaitza da, sei kantuz osaturiko lan txikia.

No Limits

Bergarako musika harrobitik dator No Limits talde gaztea. Eskualdean topatu dituzte musika erreferenteak, eta urteak atzera Brigade Loco, Des-Kontrol, Never Surrender edo Kaleko Urdangak taldeek egin bezala, Street punk eta kaleko doinuetan murgildu dira musikariak.

Bidean bi disko kaleratu dituzte, azkena, 2025 urtean argitaratu zen ‘Norantza aurkitu nahian’ lana. 

Location

Zubiondo parkea
Zubiondo parkea
Zornotza. Bizkaia

Links