Zuberoako Maskarada plazaratuko du Andra Mari dantza taldeak Galdakaon
Date
02.22.25
Place
Bizkaia - Galdakao

Zuberoako Maskarada plazaratuko du Andra Marik otsailaren 22an. Dantza taldeko 70. urteurreneko ekitaldien egitarauaren baitan prestatu da emanaldia. «Hainbat urtetako lanaren ostean, aterako du plazara Zuberoako inauteririk esanguratsuena, eta horrek hogeita hamar pertsona baino gehiagoren inplikazioa eskatu du; aktiboan dauden dantzariez gain, taldekide ohiek eta belaunaldi berriek ere hartuko dute parte ikuskizunean, talde guztia batuta», kontatu dute Andra Mari dantza taldearen arduradunek.
Goizeko 10etan Ardanza Parkean (eliza) da hitzordua. 10.45ean Kurtzeko Plaza, 11.30ean Iturrondo Plaza, eta 12.15ean Santi Brouard Plaza dira ibilbidearen puntuak.
Egun osoko egitaraua prestatu du egun horretarako eta goizean goiz hasiko da barrikadekin. Denera lau egingo dira goizean zehar eta herriko hainbat elkartek parte hartuko dute.
13.30ean herri bazkaria egingo da eta 16.30etik aurrera ofizioen saio nagusia ikusgai izango da Santi Brouard Plazan.
Maskarada osoa
Oso-osorik erakutsiko du Maskarada Andra Marik; zerotik sortu du. 1988an hasi zuen Andra Marik Zuberoako Maskaradako dantzen ikerketa eta ikasketa lana. «Taldearen 35. urteurrenaren ospakizunean bertan plazaratu zen lehenengoz dantza sorta osoa eta 1990. urtetik aurrera Zuberoako dantzak taldeko errepertorioan egon arren, ez du inoiz Zuberoako Maskarada osorik plazaratu, gaur arte», argitu dute.
Bere garaian ikerketaren zatirik handien Altzain egin zen, Jean Pierre Rekalt maisuarekin. «Ikasketa horiekin, eta Larraineko eta Pagolako dantzarien laguntzarekin, errespetu eta miresmen guztiarekin plazaratuko du Andra Marik Maskarada», diote.
Andra Mari dantza taldeak eskerrak eman nahi dizkio urte hauetan guztietan bidelagun izan diren guztiei, halaber, gonbidatu nahi ditu Maskaradaren lekuko izaten.
Location
Ardanza Parkea
Ardanza Parkea
Galdakao. Bizkaia