Deshumanizazioa (eta II)
"Nire alabak genozidioaren adin bera du". Horixe da Libanoko Elia Ayoub idazleak bere testu bati jarritako izenburua. Idazki ederra da, mugarik gabeko sarraskiarekin batera gertatzen ari den deshumanizazioaren detailerik latzenak jasotzen dituen arren. «Nire alabatxoak arnasa hartzen duen bakoitzean, Israelek bera bezalako haurrak erailtzen dituen munduan egiten du arnas». Idazlearentzat ezinbestekoa da bere alabari mundu horren deskribapena egitea, horri aurre egiteko tresnak garatu ditzan.
Izan ere, jakina da Estatu sionistari Palestina txiki geratzen zaiola, eta Siria eta Libano ere aspaldi dituela jopuntuan; besteak beste, «lur errearen» politika aurrera eramanez eta biztanleria bere lurrak uztera behartuz.
Honi guztiari buruz aritu zen iragan astean Leila Nachawati kazetaria Gasteizko Emakumeen etxean. Galdera anitzak jarri ziren mahai gainean. Zerk eragiten du gatazka edo guda testuinguruetan izaten diren biktimekiko deshumanizazioa? Zer egin dezakegu aktibismotik horri buelta emateko? Zer erantzukizun dute hedabideek?
Erantzun asko jorra ditzakegu datozen hilabetetan, baina datu bakar batekin azken galdera horren garrantzia begi bistan jar dezakegu. Iaz, munduan eraildako kazetarien bi heren Israelek hil zituen, eta horrek argi uzten du izan badugula gai honekiko ardura handia.
