Gerra bakoitzaren ostean garbiketa lanak egin behar norbaitek. Ordena gutxienekoa ez da berez jarriko». Horrela dio Wislawa Szymborskaren "Bukaera eta hasiera" poema ezagunak. Horren ezaguna, beti dagoelako garbitu beharreko hondamendiren bat, dela Gazan, Venezuelan edo Iranen.
Galtzaileak izan ohi dira garbitu behar dutenak eta zikintzen dutenen argazkia behin eta berriz errepikatzen da. Trumpen politika eta figura goraipatzera bildutako petrolio gizonek lotsaren argazkia utzi digute egunotan; tartean, urtetan gurean protagonista izandako Imaz jauna. Argazkiari, petrolio usainaz gain, testosterona dario.
Lotsaz harago, ikara eragiten du argazkiak, non eta inpunitate osoz emakume bat tirokatua hil duten herrialde librean. Gallup enpresaren ikerketa soziologikoa gogoratu dut. Bertan jasotzen denez, AEBko 15 eta 44 urte bitarteko emakumeen %40k beste herrialde batera jo nahi du, Kanada izanik aukerarik gogokoena, eta Trump presidente denetik emakumeen segurtasun eza eta beldurra areagotu direla nabarmendu du azterketak.
Petrolio gizonen argazkiari begira Margaret Atwooden "Neskamearen ipuina" etorri zait burura, distopiatik gertu ote garen jakin gabe, baina ziur izanda hondamendia norbaitek garbitu beharko duela.
