Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Oilasko bedeinkatuak

Beste haur bat hil da. Gure lasaitasunerako ez dute bere izena ezagutzera eman. Jasangaitza litzateke hildako haur bakoitzak izen eta bizitza bat zuela irudikatzea. Izenik gabeko hilak zenbatzera ohitu gara, gure bizitzekin aurrera egiteko.

Kasu honetan, haurraren gorpua ez da suntsitutako Gazaren hondakinen azpian geratu. Texasen hil da, ospitalean bere bizitza salbatzeko alferrikako ahaleginen ostean. Elgorriak jota hil da, familiak ez ziolako txertorik jarri nahi izan.

Robert Kennedy Jr. Trumpen gobernuko osasun idazkariak AEBn izaten ari den hegazti-gripearen aurrean ezer ez egitea erabaki du; bere esanetan, «Jainkoak aukeratuko dituelako bizirik jarraitu behar duten oilaskoak».

Planetako herrialde boteretsuenarekiko isolamenduaren proposamenak gero eta indar handiagoa du. Jarrera horrek ez luke soilik oinarri ekonomikoa izan behar, osasun arrazoi eta argudio zientifikoek ere pisua izan beharko lukete. Orain arte herrialde horrek medikuntzaren aurrerapenetan egindako lana munduko beste lekuetako haurren mesederako izan zitekeen, eta norabide aldaketa hau, berriz, denon kalterako. Profitatu dezagun unea zientziaren aldeko apustu handiagoa egiteko, dagoeneko sobera gainditu dugulako gure gain har dezakegun hildako haurren kopurua.

Search