Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Puta zikinak

Eztabaidak daudela ukaezina da. Baina ezin ahaztu dezakegu feminismoa krak egiteko jaioa dela.

Feministok morez margoturiko hormen gainean agertu diren pintada sinple eta ustez iraingarri bat izan zitekeen. Baina ez, liburu baten izenburua da eta pintaden bidez eraso nahi digutenek baino askoz min handiagoa eman digu lan horrekin jazotakoak. Mac Juno eta Molly Smithen liburua euskaratu eta plazaratu du Iruñeko Katakrak argitaletxeak. Kooperatibako kideek salatu dutenez, liburu hau salgai zuen Baionako liburu-denda batek eraso transfobo bat pairatu zuen otsail amaieran eta lan honen ale guztiak izorratu zituzten. Liburuaren edukia, gurean plazaratua izan den hizkuntza, argitaratu duen lagun talde honen egitasmoa... guztiari eraso diote eta feminismoetan indarrean diren eztabaiden bidez ezin da horrelakorik justifikatu.

Inor ez dago liburua irakurtzera behartuta, baina utz gaitzatela bakean “puta” iraina ez dela dakigunok, puta izan nahi ez dutenen ondoan egotea eta horiei laguntzea erabaki dugunok, sexu langile izaten jarraitu nahi dutenen bizi eta lan baldintza duinen alde aritu nahi dugunok.

Eztabaidak daudela ukaezina da. Baina ezin ahaztu dezakegu feminismoa krak egiteko jaioa dela. Hain zuzen ere, menpekotasunean izan gaituen eta gaituen sistemari krak egiteko jaioa. Eta horretarako, krak egiten segitzeko, Katakrak bezalakoak behar ditugu ondoan.

Search