Naiz+ Naiz+

Hondarribiko alardearen konponbidea: Jaizkibel konpainia besteen atzetik?

Larunbatean Hondarribian izango diren alardeen harira, herritar batek jarraian azaltzen den gutuna helarazi du NAIZera postontzia baliatuz. Alarde tradizionala deitzen dutenean emakumeek kantinera gisa baizik ez dute parte hartzen eta parte hartze parekidea eskatzen du Jaizkibel konpainiak. Gutun honetan proposamena instituzio nagusiei (Udalari, Foru Aldundiari eta Jaurlaritzari): Alarde Tradizionala deitzen dutenaren atzetik Jaizkibel konpainiak desfilatzea. Izenpedurarik gabe dator proposamena, aurreiritziek konponbidea ez dezaten oztopatu.

Bideoa 2008ko alardekoa da. Alarde parekidearen aurkakoek aterki beltzekin azaldu zuten euren kontrakotasuna.

HONDARRIBIKO ALARDEARI IRTEBIDEA EMATEKO PROPOSAMENA

Agur,

Gutun honen bitartez, hainbat urte luzez katramilaturik dugun Alardearen aferari irtenbidea emateko proposamen bat egitera natorkizue, xumeki, herritar gisara, duzuen ardurari dei eginez.

Hondarribitarra naiz, bertan lan, bizi eta jaietan parte hartzen dutenetarikoa; eta horrez gainera gure herriko jaietan Alardearekin izan ditugun arazo eta istiluekin ematen ari garen itxurarekin, erabat lotsatua dagoen herritarra ere bai.

Honezgero guztiok dakigun moduan, Alardearen aferan bi parte daude, biak interes eta jaia disfrutatzeko eredu desberdinak dituztenak; eta biak ala biak elkarrengandik inkomunikaturik bizi direnak.

Alarde Tradizionalak, emakumeari soilik Kantinera moduan Alardean desfilatzeko aukera ematen dionak, bere posizioa tinko defendatzen du eta hori baliatzeko Hondarribiako Alardea pribatizatzera iritisi da.

Bestetik , Jaizkibel konpainia dago, zeina bere interesa emakumeak Herriko Alardean berdintasunean desfilatzea den eta ez soilik kantinera gisara .

Azken urteotan, Alardea pribatizatu egin da eta horren ondorioz Alarde Tradizionalak arazorik gabe desfilatzen du. Bestalde, Jaizkibel konpainiak manifestaldia egiteko baimen batekin desfilatzen du Alardearen ibilbide bera eginez bainan beste ordutegi batean.

Gauden honetan, bi jarrerok batera-ezinak dira, eta urteak joan urteak etorri denborak erakutsi digu Hondarribian ez garela gai, gai honi konponbidea emateko. Honenbestez, argi dago korapilo hau askatzeko aterabidea kanpotik etorri beharko dela.

Horrexegatik ausartu naiz eskutitz hau bidaltzen, zuek era gorenean ordezkatzen dituzuen instituzioek paper garrantsitzua izan dezaketelako egoera honi irtenbidea emateko. Izan ere, ordezkatzen dituzuen erakundeetan sensibilitate polítiko eta sozial gehienak batzen dituzue, Alarearen aferan bi posizoen aldeko zein aurkakoak eta horrek lejitimitate osoa ematen dizue behingoz arazoa konpontzeko saiakera egiteko.

Aitzitik, hondarribitarrok alde batekin ala bestearekin identifikaturik gaude eta ondorioz konponbiderako edonolako proposamenak egiten baditugu, alde batek ala besteak ez luke ontzat joko. Hau da beraz, proposamena era anonimoan luzatzearen arrazoina, hasiera-hasieratik ataka motzera ez kondenatzeko duen aukera bakarra.

Proposamenak ezaugarriok bete beharko ditu:

Esan gabe doa, interbidea bideragarria izan dadin, bi aldeak ezin direla arrunt kontent geratu, eta erdibideko zerbait planteatu beharko dela, garailerik eta galtzailerik gabekoa izan dadin.

Bestalde, neurri hauek, aldi berean bai Jaurlaritzak, bai Aldundiak eta baita Udalak ere hartu beharko dituzte; eta horrez gain denon artean jarri beharko dituzte aurrera eramateko baliabide guztiak.

Proposamenak neurriok ditu ardatz:

Alde batetik, herriko Alardea, Publikoa izatea eta ez pribatua.

Bestalde, Jaizkibel Konpainiak orain arte Alarde Tradizionala izan denaren azken konpainiaren atzean desfilatzea.

Afera gisa honetara bideratzen bada, erdibideko normalizazio batera irits gaitezkeela ziur naiz, gauden honetan behar-beharrezkoa duguna. Alarde Tradizionalekoek ezin esango lukete emakumeak Alardean berdintasunean desfilatzen dutela, nahiz eta Jaizkibel konpainiak beraien ondoan desfilatu. Bestalde, Jaizkibel Konpainiak Alardean desfilatu duela sentitu lezake, nahiz eta beraiek aldarrikatzen duten bezala, emakumeak Alarde guztian ez duen berdintasun osoz parte hartuko.

Alardea ikustera joaten den jendeak, alde batekoa zein bestekoa izan, ez luke arazorik izango, ikusi nahi dituen konpainiak ikusteko, eta baita ikusi nahi ez dituenei kasorik ez egiteko ere.

Azpimarragarria da bestalde, nabaria dela azken urteotan kalean giroa lasaitzen ari dela, eta nire ustez, badagoela gehiengo isil bat horrelako irtenbide baketsu eta zentzuzko bat onartu eta eskertuko lukeena.

Badakit denbora laburra dela aurtengo irailaren 8 ra iristeko, baina benetan uste dut esfortzu bat egiteak merezi duela eta ezinbestekoa dela gu guztiontzat.

Besterik gabe, eskutitz honi arreta eskeiniko diozuelakoan, adeitasunez eta itxaropentsu agurtzen zaituztet.

P.D. Eskutitza hau Patxi Lopez Lehendakari Jaunari, Martin Garitano Gipuzkoako Aldun Nagusi Jaunari, Aitor Kerejeta Hondarribiako Alkate Jaunari eta Iñigo Lamarka Ararteko Jaunari igorri diot.

Hondarribian, 2012ko abuztuaren 6a