Ruben Pascual
Ruben Pascual

Hauteskundeak sei hilabetean behin

Hona herri eta hiri askotako hautagaiei egiten diedan eskaera: hauteskundeak sei hilabetean behin. Edo maizago, ahal dela. Kanpainaren hasierak odola bor-bor jarri didala eta erotu naizela pentsatuko du askok. Baina ez. Bozkalekuetara sarriago joateak ere ez dit ilusio berezirik egiten. Kanpainaren zurrunbiloan etengabe murgilduta egotea guztiz osasungarria ote den ere zalantzak ditut. Eta, orduan? Erraza da.

Botoa ematera joan gaitezen atzera-kontua martxan denean, «bikini operazio» berezi bat sumatzen da nonahi. Kolore desberdinetako gure agintari txit gorenei burura etorri zaizkie gure kale eta auzoek behar ugari dituztela: bankuak margotu gabe daudela, errepideetako markak berriz pintatu behar direla, aspaldi argia emateari utzi zioten farolen bonbillak aldatu behar direla edo zapaltzerakoan galtzak bustitzerainoko zipriztinak eragiten dituzten baldosa solteei konponbidea eman behar zaiela. Ad eternum jarrai nezake horrela. Zerrenda bukaezina da, zinez.

Jakingo ez banu gure hobe beharrez ari direla, pentsatuko nuke azken urteotako kudeaketaren gabeziak eta herritarren kexuei entzungor egin izana azken egunetan kaleak apainduta konpentsa daitekeela uste dutela. Gure onerako ari dira, baina.

Ironiak alde batera utzita, uste dut herritarron exijentzia maila askoz handiagoa izan beharko litzatekeela. Agintariei –berdin du botoa eman diegun edo ez, hein berean direlako gure ordezkari– ez genieke behin eta berriro joko berdina egiten utzi behar, batez ere kontuan hartzen badugu egiten dituzten lan horietako asko, sarri, ez direla beharrezkoak eta, hortaz, beste zeregin batzuetara bideratu ahalko litzatekeen diru publikoa xahutu egin dela.

Beraz, esan bezala, sei hilabetean behin hauteskundeak eginda posible litzateke; batzuek ikusiko lukete kaleek, auzoek eta, batez ere, herritarrok egunero dauzkagula beharrak. Politika ez baita lau urtero «txapa eta pintura» apur bat ematea, poz-pozik joan gaitezen botoa ematera.

Search