Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Ibertroleatzea

Historia halakoxea izaki eta ostrazismoaren esanahia hartu zuen «boycott» hitzak. Ia mende eta erdi igaro denean ez da falta besteren bizkar bizi denik.

Charles Cunningham Boycott-ek britainiar Armada utzi eta Irlandara joan zen, lur-jabe izatetik bizitzeko asmotan. Garaiko dokumentuen arabera, gizona bazen nor, haren jenio bizia zela-eta hainbat istilu izan baitzituen nekazariekin baina, era berean, nagusien begikoa zen efikaza zelako. 1873an Mayo konderrira heldu bezain laster lortu zuen Erne familiaren lurrak administratzeko lana. Haren zeregina nekazari maizterrei errentak kobratzea zen. Lur-jabetzen auzia gori-gori zegoen; 1876ko inkesta baten arabera, Irlandako lur guztiak 10.000 pertsona eskasen jabetza ziren (biztanleriaren %0,2), eta lurren erdiak 750 jaberen eskuetan zeuden. Nekazarien haserreak bat egin zuen Irlandako mugimendu independentistaren indartzearekin.

Testuinguru horretan sortu zen Land Leage, nagusien abusuei biolentzia baino modu eraginkorragoarekin erantzuteko taldea. Ostrazismo soziala bilatzen zuten. Urte hartan uzta kaskarra izan, nonbait, eta Erne kondeak alokairua %10 murriztea onartu zuen, nekazariek eskatzen zuten %25aren aurrean. Boycottek kondearen erabakiaren berri eman zuenean eztanda egin zuen egoerak. Hainbeste zabaldu zen Boycotten aurkako ostrazismoa, ezen haren langile guztiek alde egiteaz gain, dendariek ez zioten ezer saltzen, ezta postariak kartarik helarazten ere. Boycottek Mayo utzi eta Dublinera alde eginda ere ez zen jazarpena eten, bertako hotelek ekintza-mehatxuak jaso baitzituzten lur-jabeari ateak zabaltzen bazizkioten.

Historia halakoxea izaki eta ostrazismoaren esanahia hartu zuen «boycott» hitzak. Ia mende eta erdi igaro denean ez da falta besteren bizkar bizi denik; hain zuzen ere, Iberdrolak %29 handitu ditu bere mozkinak eta Repsolek 2021eko lehen hiruhileko irabaziak bikoiztu ditu 2022an, noiz eta energia inoiz baino garestiago dagoenean, pobrezia energetikoa areagotzen ari denean eta ur eskasia betean urtegietako ura turbinaratu dutenean.

Ibil daitezela «Erne» eta ederra izango da etokizunean ostrazismoaren aldaerak izatea «Boikota» egitea, «Josujonketa» edo «Ibertroleatzea».

Search