Duela egun batzuk zabaldu zen hainbat futbolarik uko egin ziotela Espainiako Selekzioarekin Munduko Txapelketa jokatzeari selekzioko hautatzaileak karguan jarraitzen bazuen. Gerora aurkitu dudan komunikatu batean jokalariek diote ez diotela uko egiten selekzioari, deialdi honetara deituak izateari baizik. Arrazoia da egungo egoerak eragin zuzena duela euren osasunean eta, kontuak aldatu ezean, arduraz, uko egiten diotela Mundialeko deialdian sartzeari. Idatzi berean, gaiaren trataera eta RFEFren infantilizazio tonua salatu dute. Hortik aurrera, ez zait ezer iritsi eta ez dut topatu.
Txirrindularitzan pasa den astean jokatu ziren Munduko Txapelketak Wollongongen, ostadar mailota nork jantziko. Nork baino, nortzuek, mordoxka bat banatu ziren eta. Horien artean, sona gehien duena eliteko errepideko lasterketa dela ulertua dut. Bada, eliteko lasterketan, urrutitik erasoa jo eta erakustaldia emanda, espero zen ezustekoa izan da garaile (bai, denok dakigu nor aipatzera noan) Annemiek Van Vleuten suertatzea. 2022an Giroa, Tourra eta Vuelta ere irabazi ditu, beraz, historiako kirolari handienetakoa dela berretsi da. Ez zait iruditu balentria askorik nabarmendu denik.
Askoz ere gertuagoko adibideak baditugu, koldarkeriagatik saihestu ditudanak. Eliteko kirolari emakumeekin bertsolaritzako epaileekin bezala gertatzen zait: miretsi egiten ditut, zenbat eta gutarragoak izan hobe eta, hala ere, kosta egiten zait gertuko bati bide hori opatzea. Ez da erraza hurbilekoa bideratzea etengabe zalantzan jarriko duten eta bere lana gutxietsia izango den esparrura. Emakume kirolariek, edo behin zehazten hasita, gizonezkoak ez diren kirolariek, ez dute badirenen aipamen eta baliabide erdirik jasotzen.
Kontraesana dirudi, baina, uste dut kirolari ez duen garrantzia ematen diogula eta, aldi berean, kirolaz ez dela nahikoa informatzen. X-k tratamendu fisiologikoa hasi izana ezin da notizia izan eta Hilaree Nelson nor zen orain baino lehenago jakin izana gustatuko litzaidake.
Kirolaz ez da nahikoa informatzen
Eliteko kirolari emakumeekin bertsolaritzako epaileekin bezala gertatzen zait: miretsi egiten ditut, zenbat eta gutarragoak izan hobe eta, hala ere, kosta egiten zait gertuko bati bide hori opatzea.
