Landa eremukoak berekoitzat jotzen dira, beren inguruak baina denonak diren lurrak ez dituztelako denon mesederako eraldatu nahi. Eztabaidatzeko aspektu gehiegi ez ote dituen lehen esaldi demagogiko horrek. Argudiaketa desitxuratzailea da, zeren, zona urbanoan bizi direnek pentsatu dute beren ingurutik, beren etxe ondotik zer sakrifikatzeko prest leudekeen denon mesederako? Eta, torlojuari buelta erdi bat gehiago emanez, zer sakrifikatzeko prest leudeke eremu urbanotik kanpora bizi direnen mesederako?
Testu honen helburua ez da garaiaren aurrean begiak ixtea, ez eta negazioari heltzea, joera popularrak ulertu nahia baizik. Elikadura burujabetzaren gaia atera zidan orain gutxi batek: «Niri okurritutakoa inork egin ez duenerako ezingo da egin, baina, industriak gehiegi kutsatu eta kontsumitzen badu eta, era berean, bere burua elikagaiz ase ezin duen herria bagara, zergatik ez lantegi batzuk nekazaritzara bideratu? Zergatik ez eman trantsizio bat bigarren sektoretik lehenengora?». Ez dakit, sektorearen baldintzak eta lanaren ulerkera asko aldatu beharko genituzkeela pentsatzen dut. Hori eta lur onenak industriari emanak ditugula eta ematen jarraitzen dugula.
Gainera, nork du erabakiak hartzeko agentzia? Inoren etxean ez sartzeko asmoz, Hernanin kokatuko naiz fikziozko kasu batean. Hernaniko mugen barruan, gutxi gorabehera, biztanleriaren %90 lurraldearen %5ean bizi da. Galdeketa bat egingo balitz ea Oronarentzat meatzaritza eremu bat zabaldu nahi den Kartolan eta –herritar askok bertan lan egiten dutenez eta Kartolan inor gutxi bizi denez– baiezkoa aterako balitz, justua litzateke? Balioko luke? Nola neurtu daiteke erabakimena?
Ez dago zertan dena dagoen bezala mantenarazi, ez gara erreserba birgina batean bizi, eta honaino heldu bagara, izan da aldaketak egon direlako. Beraz, orain herri industriala gara, baina ez dugu zertan izan. Hala ere, Debagoiena 2030eko kide bati galdetu ziotenean industriaren gutxitzea planteatu ote zitekeen, erantzuna argia izan zen: ez.
