Urriaren 15etik 19ra sorkuntza artistikoaz, disidentziaz eta ekofeminismoaz arituko dira Alkizako Ur Maran. Gerezi Jauregi artista eta Ur Marako arduradunak egindako pare bat adierazpen ekarriko ditut lerro hauetara, uste baitut bide ematen duela landa eremuko kultura garaikideaz pentsatzeko. Aldez aurretik argituz, ez ditut beren hitzak nireekin eztabaidan jarri nahi, elkarrekintzan baizik. «Pandemiatik hona ikusi dugu nola jotzen duen gero eta jende gehiagok landa eremura beste bizimodu bat eraikitzeko gogoz. Errealitate horren aurrean gure diskurtsoak politizatzeko beharra sentitzen genuen. Hausnartu nahi dugu zein espazio dauzkagun, non eta nola bizi garen bertan. Gaur egungo kapitalismo basati honetan nola biziraungo dugun, adibidez, turismo masiboaren aurrean. Gure praktikak aurrera eramateko eremu horiei buruz hitz egin nahi dugu».
Bertan bizi gara eta bertan bizi gaitezen nahi dugu, baina, berdegunea merkea dago, bada! Zakurraren ipurdian dagoen teilatu gabeko eraikinagatik 270.000 euro eskatzen dira, «errehabilitatzeko premia» duenagatik, hau da, hiru pareta ere mantentzen ez dituenagatik 235.000 euro, etxeak txalet independente omen eta baserriak «finka rustikoak», bizitzeko moduan daudenak milioi erditik gorakoak. Nekazariak eta artistak, instalatzeko erraztasun gehien duten kolektiboak, hemen ere. Ezin da edonor ez hirian sartu, ezta hiriaren periferiatik atera ere. Industriaguneak erromantizatzea da hurrengo pausoa.
«Hirikoak bezalako espazioak eraiki nahi ditugu landa eremuan? Nola funtzionatzen dugu arte zirkuitu ez hegemonikoetan? Egiteko beste era batzuk posible ote diren edo horiek nahi ote ditugun galdetuko diogu elkarri jardunaldietan». Eta gustatu zaizkit «posible» eta «nahi» hitzak, zeren sorkuntzarako eta arte-artistak iraun ahal izateko posibilitateak eskaini behar dira, baina ez dago zertan horiekin konformatu. Gogoz joango gara artea transmititu nahi duten “Sorkuntza disidentea landa eremuan” topaketetara.
