Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Trenaren zain

Trantsizio ekosozialean, hobeto biziko bagara, geure egin ditugun pribilegio asko askatu beharko ditugu –Euskaltzaindiaren arabera: askatu, aska/askatu, askatzen. 1 da/du ad. Loturik edo nolabait itsatsirik, edo nonbait itxita edo mugitu ezinik zegoenak egoera hori utzi, edo halakoari utzarazi–. Denetik kontsumitu beharko dugu gutxiago eta zentzudunago, soilagoak izan gasoilagoak baino. Eta bai, pribilegioak ditugu, ugari; eta bai, gu baino pribilegiatuagoak badira; eta, bai, guk baino lehenago eta gauza gehiagori/esanguratsuagoei uko egin behar diete; baina ez, horrek ezin gaitu ezer ez egitera mugatu.

Guk ere badugu zer egina; areago, guk zer zeregin dugun identifikatu du Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak edo dena delakoak. Jasangaitza da hainbeste jasangarrikeria. Kontsumoa murriztu behar dugula eta, autobusak bezala, trenen maiztasunak murriztu dituzte. Izatez, oraintxe bertan, tren geltokian nago. Zutaberako ideiak apuntatzen hasi naiz, baina etortzekoa zen trenak aspaldi bere destinuari uko egin dionez, oharrak baino gehiago ditut jada mugikorrean. Hemen ez dago  presaka ibiltzerik. Urolako trenaren asmoa omen zen garraiobide moderno, eroso eta azkarra eskaintzea. Renferena zein ote da? Batek daki zerk elkartzen gaituen, galtzeko minuturik ez dagoen garaiotan, trenarekin errusiar erruletara jokatzera ausartu garen aspertu aurpegierakook.

Gainera, beti da berbera kastigatutakoen bandoa. Gauza bat da aldiriko trenaren zerbitzua eskastea eta, beste bat, aldiriko trenaren zerbitzua eskastea abiadura handikoaren mesedetan. Bigarrena mingarriagoa da, lagunen batek udan etxea utzi behar duela dioenean nola, udatiarrek bikoitza ordainduko baitute. Trantsizioaren eta ikuspegi jasangarriaren testuinguruan, aukera ona da aldiriko trenak aldiriko tren izateko baliabideak eta erraztasunak jartzea baina, antza, alde batera utzitako trena izango da, geltoki honetan hurrengo trenaren zain gaudenok bezala.

Search