Ez dut asmatzen nola eman tokiko kolorea lerro hauei. Horregatik, inspirazio iturria delako, eta beste hainbat arrazoigatik, gustatzen zait nola idazten duen etxe honetan bertan La Furiak. Berbak natural ateratzen zaizkiola dirudi, eta batek badaki zein zaila den gauzak natural ateratzea, zenbat entseatu beharra dagoen horretarako, eta gozamena dira irakurleontzat.
Alabaina, barne bulkada bati segika, kontraesan betean, Arrasateko kontu bati buruz natorkizue. Txalo zartak joz goretsi nahiko nuke Intxorta 1937 Kultur Elkartearen lana. 35 liburu eta ikus-entzunezko lan kontatu ditut memoria historikoa berreskuratzea xede duen taldearen argitalpenen zerrenda oparoan. Egon litezke aldi berean lubakiak duintzen Angiozarren, tropa frankistak Arrasaten sartu ziren eguna oroitzen eta batek daki nongo artxiboak arakatzen. Juan Ramon Garai, langile nekaezina dena, nire azken nobelako pertsonaia bilakatu nuen omenaldi gisa, hari deitzen nion bakoitzean esaten zidalako batean Avilan zela, bestean Rotan eta hirugarrenean Toledon.
Hain justu Juan Ramonen mezu batek jarri zuen nire bihotza punpaka iragan astean. Hasiera batean ez nion arreta handirik eskaini, seme zaharrena lokartzeko lanetan bainenbilen, gero eta surrealistagoak diren ipuin hariei tiraka. Morfeok bere lana egitean jarri nuen merezi zuen arreta, eta eskerrak! Anberestik idazten ari zitzaidan, udal artxibategian lortu zuen argazki bat bidali zidan. Han ageri zen nire aitona Imanol bere anaia Miguelekin, Satorretxe baserrian jaio eta altxamendu faxistatik ihesi Belgikara bidalitakoak. Familiako Whatsapp taldeak su hartu zuen. Hango antza hartu bati eta besteari! Pentsa, ez genuen ordura arte aitonaren umetako erretraturik. Gezurra dirudi, gaur egun irudiak duen diktadura aintzat hartuta.
Argazki horrek leiho eder bat ireki zigun gure iraganeko logela hotz batean. Eta, argitasuna dakartenei, bizitzako arlo guztietarako balio du horrek, borrokarako eta oroimenerako, non hasten ote da bata eta bukatu bestea, eskerrak ematea dagokigu.
