Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Dantzalekua (I)

Gauza berrietan zaudeten/ oroitzapenok,/ itzul nazazue/ konortea galdu dudan/ ohe honetako/ izara hutsen artera». Igor Estankonaren “Iratzeen esporak” liburuak urtebete darama autoaren aurreko panelean. Higatu zaio bere azaleko berdea eta, harrigarria bada ere, biziraun ditu gotor autoaren garbiketa orokor bi. Gorroto dudan jarduera da autoa garbitzea eta horregatik dakit datua zehaztasunez.

Ziur asko hor dirau liburuak zoriontasunaren eremua delako niretzat, Napoka Iriak eginiko “Zure atzetik” coverra bezainbeste. Eta munduak eskuetatik ihes egiten digun honetan, teknologiak gainjartzen ari dira bata bestaren gainean ziurgabetasunen pare, lurrari lotzen nau Estankonak. Lurra diot, baina esan nezakeen herria, literatura, iragana.

Informazio uholdea bizi baitugu, okada filtro gutxikoa, eta nahikoa lan dugu ez itotzen. Halaber, egunero irakurritako tuit, bluit, albiste eta mezu artean notizia batzuek oraindik badute arreta pizteko gaitasuna, karratuen artean harrapatua den borobil baten pare.

Donald Trumpek Hilton hoteleko atentatuaren ostean erreklamatu duen bere Etxe Zuriko dantzaleku proiektua da borobil horietako bat. Badarama denbora matraka ematen kontuarekin eta, oraingoan, badirudi segurtasun ezaren auziarekin lotu nahi duela obra. Festak egitera kanpora joan ordez festa etxean egin, horra Trumpen desira.

Niri dantzalekuaren zera horrek, baina, bi kontu gogorarazi dizkit. Bata, Versailles, bere luxuzko festa kodifikatuekin. Luis XV.a Frantziako erregeak justifikatzen zituen festa horiek esanez herriak maite zituela espektakulu horiek eta gobernarien helburua zela herriaren nahia asetzea. Hori nola amaitu zen, historia dugu lekuko. Bigarrena, orain arte, Etxe Zuriak gobernantza irudia transmititu duela: bileren argazkiak dira nagusi presidenteen fototekan, erabakien anatomia bistaratzen duten historiarako txatalak.

Dantzalekua da Etxe Zuriak mundura proiektatu nahi duena. Bals doinuak botere exekutiboaren tenpluan. Erabakiak, ostera, auskalo non hartuko diren.

Search