Zineman norbait konspiranoikotzat jotzeko irudikatu ohi dute horma zuri batean dagoen kortxozko arbel bati begira, non argazkiak edota orri txatalak txintxetaz eutsiak dauden eta hari gorri batek denak batzen dituen.
Hala eduki nau Servando Rocha idazleak Dum Dum Pacheco boxeolariari buruzko “Todo el odio que tenía dentro” liburuan. Hari gorri batekin batu nahian Madrilgo Manzanares ibai hegoaldeko txabola auzoak, gerra aurriak, Carabanchelgo espetxea, Errusiara joaniko dibisionarioak, West Side Storyren emisioak eragindako sukarra, itxaropen eza, Paulino Uzkudun, Elvis Presley, Billy el Niño eta El Lute. Konexio izugarria da OAS Aljeriako pied-noir erakunde armatuaren eta Movida Madrileña delakoaren artekoa. Nola? Bada Rock-Ola diskoteka mitikoaren sortzaile eta aurreneko jabea Jorge Gonzalez Bellier zelako, zeinak, frantziarrengandik ihesi, Madrilen denbora bazuen egunez ETAren aurkako estatu terrorismoarentzat lanak egin eta gauez putetxe eta diskotekekin aberasteko.
Eta behe-laino trinkoan kukuka frankismoko ustelkeria eta indarkeria guztia, zeinak boxeoa hauspotu zuen askorentzako, ikusle nahiz boxeolari, irtenbide gisa. Hari muturrean, berriz, Dum Dum, legionario harroa eta poliziaren etsaia, Fuerza Nuevako maromoa eta Emili Bronteren zalea. Liluragarria da, ezta?
Rochak usu aipatzen du geografia garrantzitsua dela pertsonentzat, hirientzat. Hark egiten gaitu. Zapatetatik kendu ezin duzun lokatzak zutaz asko dio, eman zizkizuten izen-abizenek baino gehiago, ziur asko. Ostertza estutu edo zabaltzen da zauden tokiaren arabera.
Kokapen arrazoiak aipatu dituzte ere Hontza liburu dendakoek ixtea justifikatzeko. Gauza gehiago esan dute, guztiz ulertu ez ditudanak. Akaso konpartitzen ez ditudanak. Ziur asko ez dagozkidanak.
Dum Dum Pacheco hazi zen Madril hura ez da existitzen. Mamuz, ektoplasmaz eta zauri isilez beteriko kaleak dira. Hiri kanibala. Donostian, zorionez, Idealista atariko iragarkiei esker, gogora liteke nolakoa zen hiria.