Jolasa baino gehiago
Gaur itzuli gara lanera hainbat langile. Harrian idatzia dirudi, aldagaitz, gure lanaldiaren iraupenak. Batek pentsa lezake “hala bedi”, ikusirik Milei Argentinan egiten ari dena, baina gauzek okerrera egingo duten beldurra pozoitsua da. Porrot hau niri iruditzen zait irudimen falta kolektibo handi bat dela, –ezer berririk ez, Layla Martinezen “Utopia no es una isla” irakurri baduzue–, lanegun eta ordutegiak murrizteko orduan kamusten gaituena.
Oraindik goiz da bulegoko leihoa zabalik dela lan egiteko, egunsentiak esku izoztuak ditu eta. Pena. Frontoi bat dut aldamenean eta, denboraren poderioz, garatu dut abilidadea jakiteko frontisaren hotsa adituta jokalarien maila zein den. Azkenekoz jubilatu taldea ari zen pala jokoan, algaraka maiz, maldizioka inoiz. Inbidia eman zidaten, eta itxaropena, Brasilgo gizonen futbol selekzioak alaitasunari uko egiteak eragin zidan hutsuneak ere hor badirau ere. Kirola errendimendura eta errepikara muga liteke? Ez dakit. Wacquante soziologoak boxeoari buruz idatzitakoaz akordatu naiz; sakrifizioa eta arau zorrotzak ardatz dituzten gimnasioetan garaturiko kirol praktika bat deskribatzen du, ez jardun jolasti bat. Akaso kezkarik ez duena soilik jolasten da eta, gurea, esan dudan bezala, gizarte kezkatua da.
Duela urte batzuk, Euskal Herrian antolatzaile eskola bat behar zela aldarrikatu nuen, kirol eta kultur ekitaldiak antolatzearen gozamena transmitituko duena; egun, antolatzaileena baita hutsune nabarmen bat –musu-truk ari direnez ari naiz– . Adibide gisa, bizi dugun garaia ulertzeko, lagun bati, duela ez asko, tokatu zitzaion elkarte gastronomiko baten zuzendaritzan egotea eta bazkide gazte bila aritzea. Hautagai batek erantzun zion ezetz, kuadrillakoek ez dutela inongo elkartetan bazkidetzeko asmorik eta berak ez zuela lagunentzat lan egingo haiek potrojorran zeudenean. Hobe zela jatetxea pagatu eta kito.
Kirola, soldatapeko lana edo hurkoarekiko konpromisoa, izan lagunekikoa izan gizartearekikoa, ezin da gozamenetik –eta jolasetik– bereizi.
