Bota zuen, zuhurtziarik gabe, Yolanda Diaz Espainiako Lan Ministroak 0-3 urte arteko umeak zaintzeko gau eta egun irekita egongo liratekeen haurtzaindegien ideia. Badaezpada: ez dut gustuko proposamena. Eztabaida ekarri zuen ideiak, baita profesional eta gurasoen sumindura ere, baina niri galdera bat ere ekarri zidan. Zergatik ez dugu nahi umeentzat adinduei opa dieguna? Badakit ez direla gauza bera, zahar egoitzak eta haurtzaindegiak, baina zalantzak badiraut. Adinkeria ote da?
Hariari tiraka, zergatik amesten dugu jubilatzearekin zahartzea mespretxatzen badugu eta albo batera utzita badugu lanorduak murriztearen aldeko borroka? Yolanda Diazek proposatu baitzuen horri buruzko neurri bat ere, baina hura ahapeka pasa da.
Horrenbestez, zergatik ez dugu lanegunaren iraupenaz gehiago jarduten? Nolakoa izan behar du lanak bizi dugun garaian? Jar dezakegu guztiok bizitza erdigunean eta gizarteak funtzionatu? Lanari kentzen diogun denbora kontsumoari eskaintzea aurrerabidea da?
Zenbat lan ematen digun beharrak. Pablo Simon politologoaren arabera, aintzat hartu behar da gaur egun ofizio ireki eta itxiak –hala bereizten ditu– ere badirela ideologia sortzaile. Zenbatekin eta nolakoekin duzun harremana, hori ei da gakoa. Zenbat eta irekiago, are ezkertiarrago. Erizainak zirujauak baino ezkerrerago, alegia.
Ni ez nau guztiz konbentzitzen Simonek, baina egia da lanean pasa ohi dugun denbora guztiarekin, eta gure izaera fordistarekin, logikoa dela pentsatzea lanak ere egiten gaituela garen modukoak. Gure arbasoen kasuan, lanbideak etxeari izena eta, ondorioz, abizena ere ematen zion. Baina, kontrara, pentsa liteke ere gure ideologiak baduela hautatu dugun ikasketekin, eta horrenbestez ofizioarekin, zerikusia.
Horrekin lotuta badut azken kezka bat: lagun askok hezkuntzara egin du jauzi fabrikak eta beste gune batzuk utzita. Pozten naiz haiengatik, hobeto biziko direlako, baina fabriketan ezingo ditugu zenbait borroka egin, horietan ez bada inor geratzen. Adibidez, lanegunen iraupena murrizteko.
