Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Oparien pozoia

Gaurkoan kontatu nahi dizuet badela hari bat “Pretty Woman” eta Zisjordaniako kolonoen legez kanpoko asentamenduak lotzen dituena. Baina, aurretik, nahi nioke arreta eskaini Eibarko Talde Errepublikanoaren Emakume Sozialistek Alcala Zamorari oparitutako armari. Jakingo duzue, ziur asko, berriki topatu dela galduta egon den Star pistola, grabatu dotoreez dekoratua. Bada, horrek gogora ekarri dizkit beste opari sonatu batzuk: Fidel Castrok Salvador Allenderi oparitutako kalaxnikova edota, denboran hurbilago, Juan Carlos Borboikoari ehizaldi koldar batean arriskurik gabe akaba zezan vodkaz horditua oparitu zioten Mitrofan hartz errusiarra.

Horiek hala, Israelgo mandatari zehatz bati eginiko legez kanpoko –«ustez» berba gehituko diot kasua epaitegietan denez gero– opariez dihardu gomendatu nahi dizuedan dokumentalak. “The Bibi Files” du izena, Alexis Bloomek zuzendu zuen 2024an, eta bertan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bueltan eginiko polizia-ikerketa kontatzen da. Oso interesgarria da, dokumentalaren mamia direlako 2016 eta 2018. urteen artean poliziak eginiko galdeketen bideo filtratuak. Dokumentalean ageri den elkarrizketatu batek argi aipatzen du Netanyahu ez balitz horren ustela, ez balitu horrenbeste opari onartu lagunei eginiko mesedeen truke, ez liratekeela bere gobernuan egongo Smotrich eta Ben-Gvir bezalako ministro ultraortodoxo eta terroristak. Opari gehien egin zituenetako bat da Arnon Milchan arma trafikatzaile ohi, zerbitzu sekretuetako kolaboratzaile ohi eta zinema produktorea; besteak beste, “Pretty Woman”-ena. Haren Cohibak, Tsahal-en bonbak eta supremazismo judua loturik daude horrenbestez.

Bukatzeko, mapa bat: Poliziak galdeketa egin zion bulegoan Netanyahuk bizkarrean duena, non ageri den Israel Arabiar penintsularen, Itsaso Gorriaren eta Egiptoren bueltan. Bi aipu, horrekin lotuta. Bata, Espainiako presidenteak inoiz ez luke Espainia ez den herrialderik edukiko bere bulegoko mapan. Bestea, Israel Europako kirol eta kultur lehiaketetan aritzea lotsagarria da.

Search