Urkulu urtegia
Baserrian bizi garenon pribilegioa da zabor poltsak paseatzea. Eta hala nengoen, igande eguerdiz, maletategia zabalik Otala-Zelai basoaren ertzeko edukiontzien alboan, auto bat nire parean pausatu zenean. Gidariak irekitako leihotik galdetu zidan ea ondo zihoan Urkulu urtegirantz, ikusi zuela bide-seinaleak beste norabide bat seinalatzen zuela, baina telefonoari jarraika ari omen zen. Denbora luzez geratu nintzaion begira, mutu, galdetu zidan arte ea ulertu nuen. Nik baietz, banekiela euskaraz. Ez nion azaldu nire harriduraren zioa eta buelta emateko aholkatu nion ez bazuen nahi Larrino elizateko baserri artean galduta egon.
Biharamunean, bazkalorduan, lankideei galdetu nien ea haiek zer egingo luketen kasu horretan, bide seinaleak norabide bat eta aplikazio informatikoak beste bat adieraziko balu. Gehien-gehienek esan zuten haiek aplikaziori jarraituko lioketela, hala gidatzen dutenez gero, pantailari fededun.
Erich Fromm aipatu nien, haren “Askatasunetik iheska” liburua ekarria zidala postariak berriki, eta hain justu Bernie Gunther detektibearen bizipenak irakurri izanaren egonezina arintzea espero nuela orrialde artean. Gunther da Philip Kerr idazle eskoziarraren pertsonaia bat, zeinaren bizipenak kokatuak dauden Berlinen batik bat, Weimarren amaiera eta Bigarren Mundu Gerra barne hartzen dituen aldi nazian. Frommek esango luke, agian, eta hipotesi oso ausarta da, ausartegia akaso, bide seinaleetan baino aplikazio batean fede handiagoa edukitzea dela egia gordin baten erakusle: biztanle gehien-gehienok sinesten dugu Estatu demokratiko eta sozialean formalki, baina, barren-barrenean, badakigu Estatuak ezin dituela gure bizitzako arazo sakonak konpondu. «Hori ateraldia hori, Eneko!», lankideek irriz. Egiari zor, ezin da Frommen orrialde ziztrin batzuk irakurrita bost ogerlekoko ondoriorik atera; baina, ez banintz ideiekin jostari, ez nintzateke naizena izango.
Etxera bidean errepide ertzeko burdinazko bide seinaleari begiratu nion: «Urkulu urtegia» seinalatzen zuen, eta hasperen luze batek egin zidan ihes.
