Portugalen, herri matxinada batek ezabatu zuen diktadura, Estatu espainolean ez bezala, eta ongi dago oroitzea Franco ohean hil zenetik 50 urte pasata. Krabelinen Iraultza izan zen, aski ezaguna, ezkerraren iruditerian leku berezia gorderik duena, lore eder horien irudiak eta "Grândola, Vila Morena" kantaren noten artean. Portugalen langileek lantegiak hartu zituzten, eta irakasleek eskolak, eta militarrak kalera atera ziren, herritarrekin batera, demokrazia aldarrikatzeko.
Argentinan ez zen halakorik gertatu, baina, Estatu espainolean ez bezala, oroimen politika ausart eta zorrotzak garatu zituzten, diktadura errotik deslegitimatzeko eta kriminalak epaitu eta zigortzeko. Videla, esaterako, preso hil zen, 87 zituela.
Pentsa zitekeen Argentina eta Portugal immunizatuta zeudela XXI. mendeko olatu posfaxista, neofaxista edo dena delakoen aurrean. Alta, eskuin muturrak gobernatzen du Maiatza Plazako amen eta amatxien herrian, eta goraka doa apirileko kapitainenean. Bistan denez, Argentinako eta Portugalgo hausturetan ere muga eta hutsuneak eman ziren eta, gainera, geroztik, posizioak irabazi dituzte eskuindarrek. Baina urrats historiko erraldoiak egin zituzten bi herri hauek, itzulezin gisa hartu izan zirenak.
Orain badakigu jendarte lorpenak galdu daitezkeela eskuin zahar-berri hauen bultzadek gaindituta. Kapitalismoa deitzen dugun botere sistemaren aspaldiko ametsa da herri konkista guziak ezabatzea. Horretarako hauspotu du eskuin muturra, sistemaren beso kriminala delarik, antisistema gisa agertzen bada ere. Lekua irabazten ari dira nonahi, injustizia eta ezberdintasunek sortzen dituzten haserreak horizontalki bideratzen dituztelako, eliteen ardurei ihes egiten. Batzuek ate guziak ireki dizkiete eta beste batzuek beren ideia xenofobo, matxista edo supremazistekin jolasten dute arduragabeki.
Euskal Herria, Argentina eta Portugal bezala, ez dago immunizatuta; hobe dugu ez ahaztea.
