Vatikanologoak ugaltzen ari diren egunotan, nik ez dakit zein demontre jarriko duten berriki hildako Frantzisko aita sainduaren ordezkotzat. Bergoglio izendatu zutenean, zutabe bat idatzi nuen, zeinean ez nuen asmatu aurreratu nuen pronostikoan. Ez nintzen bakarra izan, askok pentsatu genuelako –pertsonaiaren ordura arteko ibilbideari erreparatuta– Amerikako olatu aurrerakoien kontrako izendapenaren aurrean geundela. Argi dago ez naizela batere fidagarria aita sainduen inguruko prebisioetan, beraz.
Ke zuri ospetsuaren aurreko tarte hau baliatu nahi dut, berriz, politika eta botere lehiek ematen dizkiguten ezusteak gogora ekartzeko. Bergoglio hil da eta bere kontra astakeria erraldoiak esan zituen Milei Argentinako lehendakari hautatua da. Hildakoak era askotako txaloak jaso ditu ezkerretik eta askapen mugimenduetatik, Eliza katolikoa demokratizatu eta hainbat jarrera eta dinamika eraldatzeko egin dituen ahaleginengatik. Esparru atzerakoietan, berriz, dolumin faltsu samarrak eta norabide aldaketa baten itxaropena disimulatzeko zailtasunak. Bistan da, horrenbestez, zerbait gertatu dela azken urteotan Elizan, munduko eliteek oso gustukoa izan ez dutena. Noraino iritsi da aldaketa? Hori zen Bergoglioren asmoa? Edo espero ez zuen bilakaeraren efektua izan da? Ez dut galdera hauetarako erantzunik. Izatekotan, galdera gehiago, besterik ez.
Bizi garen munduan, botere-lehiek hamaika forma hartzen dituzte. Batzuetan, nabarmena da aurretik pentsatutako plan edo agenda baten eragina. Beste askotan, ordea, asmoak eta interesak hor egonik ere, ezusteak pilatzen dira, baita gertaerak korapilatu ere eta aurreikusitako norabidea lainotzen da. Horregatik, hain zuzen, dira hain kezkagarriak eskema sinplista-binarioak. Horregatik da hain arriskutsua pentsamendu dogmatikoa. Horregatik dira hain haltegarriak sekta dogmatiko sinplista-binarioak. Eta oraingoan ez naiz soilik Opus Deiri buruz ari!
