Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Erritualak, gorputzak, herria, Errepublika…

Gure festetan ​ere begi-bistakoak ​dira herriari ​protagonismoa ​ukatzeko ​estrategiak, aldi berean kapitalaren ​logika lehenesten dutenak

Ezetz uztartu Byung-Chul Han eta sanferminak zutabe batean! Baietz to, eta  Gramsci, Butler, Brown, Etxeberri Sarakoa, Spinoza eta euskal estatua ere aipatuko ditut. Heldu ezazu nire edalontzia…

​Azken bi urteotan bertan behera gelditu ondotik, abian dira berriro ere Iruñeko festak, munduan parerik ez dutenak, kantuaren arabera. Hanek oroitarazi digu zeinen garrantzitsuak diren komunitatea kohesionatzen duten ekintza sinbolikoak. Ugariak dira sanferminetan halakoak –txupinazotik hasita–, une berean lehiaguneak ere badirenak, hegemonia eta kontrahegemonia talka gramsciarren esparru, azkenean. Komunitatea eraikitzeko egitasmoen arteko tirabirak nabarmenak dira, bai, eta testuinguru horretan, Butlerrek dioenez, espazioaren okupazioak badu esanahi politikoa, gorputzak mintzo direlarik. Oraingoan, prekaritatea agerian utzi duen pandemia guziz joan ez delarik, matxismoak aurre egiten dio festak demokratizatzeko gogoari, ez baita demokratikoa populazioaren erdia baino gehiago diskriminatzen duen eredu bat. Neoliberalismoak herriak indargabetu nahi ditu, demokrazia erroetara eraman ez dezaten, Wendy Brownek erakutsi digunez, eta gure festetan ere begi-bistakoak dira herriari protagonismoa ukatzeko estrategiak, aldi berean kapitalaren logika lehenensten dutenak.

​Etxeberri Sarakoak euskaldunen hiri buruzagi gisa hartu zuen Iruñea duela 300 urte inguru. Gaur egun euskaldunok ez dugu estaturik, baina bai estatu zatiak, instituzio mailan, baita sen kolektiboan ere, estatua desira kolektiboa ere badelako. Festak elkarrekin ospatzeak adierazten ahal du afektibitate komun indartsua, geure burua geuk gobernatzeko gogoa, geure arauak geuk ezartzekoa, geure festak geuk kudeatzekoa; azkenean, herria estatu bilakatzeko borondatea, hots. Nazioa maitasun partekatu gisa hartzen ahal dugu, Spinozarekin, eta jauzi egin, herritik errepublikara, txuriz eta gorriz! Gora sanferminak eta gora herria!

Search