Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Ezkerreko subiranismoa jopuntuan

Bazter ezberdinetatik iristen dira erasoak. Batzuen haserrea oroimenari lotuta dator; Elorrioko topagunearen arrakastak piztu du beste batzuena. EH Bildurekiko obsesioa agertzen da nafar eskuinaren tirabiretan, ez delarik kasualitatea beren krisia non eta Iruñean indar oroz lehertu izana. Urduritasuna partekatzen dute batzuek eta besteek, hautematen dutelako indartsu dagoela euskal ezker subiranista, eta are urduriago ikusiko ditugu, ene ustetan, maiatzeko hauteskundeak hurbiltzen diren heinean. Afera ez da hor gelditzen, edonola ere, indartze estrategikoaren antza hartzen duelako ezker subiranistarenak, bestela esanik, emaitzetatik haratago, sakoneko errotze eta –une berean– zabaltze adierazpenak ugaltzen ari direlako egungo Euskal Herrian.

Erasoak biderkatzen dira halakoetan, posizioak edo boterea galtzeko beldurrak edo aurrera egiteko gero eta baldintza makurragoen aurreikuspenak urduritasuna elikatzen dutelako. Ez dago, beraz, inolako biktimizazio asmorik ene gogoeta honetan. Alderantziz, erasoak ugaritzea eginiko apustu estrategikoen ondorioa dela uste dut eta, horrenbestez, guziz pozgarria egitasmo subiranista eraldatzailerako.

Arriskua dago, halarik ere, erasoen jokoan erortzeko, deus onuragarririk ekartzen ez duten eztabaidetan galduz. Zaila da batzuetan ez erantzutea, jakina. Nor ez da berotu Twitterren ergelkeria bat irakurrita, edo telebistako enegarren gezur muntaiaren aurrean? Ni erori naiz, behin baino gehiagotan, gainera. Baita ondotik ene buruaz haserretu ere, amua irentsi dudalakoan. Erasoak kokatzeak, beharbada, ez digu odola hoztuko, baina geure pasioak kudeatzen laguntzeko balio dezake, gure kontra etor ez daitezen.

Erasoek ongi ulertu beharreko zerbait esaten digute eta batzuetan erantzutea beharrezkoa eta komenigarria bada ere, beste askotan, onena paso egitea da, eztabaida emankorrak elikatzeko ona baita eztabaida ergeletan parte ez hartzea!

Search