Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Feijooren «osasun hesia» EH Bilduren kontra

Voxekiko mendekotasuna gainditzeko aurreratu zituen Feijooren Alderdi Popularrak, hauteskundeak Extremaduran. Negozio ederra egin zuten, lehen baino indartsuagoak baitira Abascalenak lurralde hartan, eta, finean, maila orokorrean. Jakin bagenekien Feijoo ez zela gure garaiko estratega handienetako bat, baina egiten duen urrats orok bere mediokritatea konfirmatzen du. Ezaguna da etsai gaiztoak dituela alderdiaren barruan, batez ere Madrilen, baina bere ezintasunak haratago doaz, ahoa irekitzen duen bakoitzean nabarmentzen denez.

Argigarria izan da, noiz eta egoera honetan, PPren lider nagusiak zabaldu duen mezua, zeinean argitzen baitu EH Bilduri egin nahi diola “osasun hesia”, eta ez Voxi. Ofizialtasun osoa eman diote eskuin mutur postfrankistaren zuriketari horrela, eta ez da harritzekoa, gero eta zailagoa delako eskuinaren barnean bereizketarik egitea, denak muturrera mugitu baitira. Laburbilduta, Extremadurako esperimentuaren emaitza urrats handia izan da Voxen legitimazioan.

Agian Feijook uste du Voxen mehatxua indargabetuko duela jardun horien bidez. “Sindrome 1933” liburuan, Siegmund Ginzbergek gogora ekartzen du Von Papen burukide eskuindarrak, naziekin paktua eginda, Hitler kaiola batean sartzea espero zuela. Urte hartan bertan gobernu akordioa adostu zuten eskuinek, eta naziei boterearen ateak ireki, baina dena kontrolpean zutelakoan zeuden. Historiak ez du inoiz atzera egiten, baina bada zer ikasi iraganetik: ez da ideia ona eskuin muturrarekin paktuak egitea. Feijook ez du horrela Abascal kaiolan sartuko. 

Ez dakit Feijook Ginzbergen liburua irakurri ote duen, baina segur baduela Trumpen Nazio Segurtasun Estrategiaren berri. Bertan aipatzen dira Vox bezalako indarrak, alderdi patriotiko gisa ezaugarrituak, eta argi uzten da Ameriketako Estatu Batuen babesa izanen dutela. PPk badu zer pentsatua, beraz, baina erosoagoa da EH Bilduren kontrako osasun hesia aldarrikatzea, jakina!

Search