Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Gerra grina Europan

Europak gerrariak behar omen ditu. Aski ezaguna den Borrellen arabera, gerrariaren ikuskera berreskuratu beharra dago. Bizi garen garaiotan gerla giroa nagusitzen da eta bazter guzietara iristen da eromena, ikusten ari garenez. Ergelkeria lehiaketa gisa hartzen ahal dugu hau, baina, tamalez, afera larria da, eta ez du txantxetarako aukera handirik eskaintzen, jada instalatzen ari baita gerlaren bezperetan gaudela.

Baina noizbait galdu da Europan gerrari ikuskera? Ez dut uste, eta, beraz, ez da beharrezkoa aldaketa asko egitea ikuspegi hori berreskuratzeko, hasieratik bertatik sedimentatuta dagoelako Europako Batasunaren eraikuntzan, ofizialki gerrarik gabeko Europaren defentsan oinarritzen bada ere. Logika belizistaren adierazpenak nonahi atzematen ahal dira ibilbide horretan, NATOrekiko loturatik kolonialismo zahar-berrien formetara. Dimentsio askoz ttikiagoetan ere ikusten ahal da izpiritu gerrari horren eraginkortasuna. Esaterako, Europako Batasunak badu gazteendako sari bat Karlomagno izenaz, Europan eta nazioarte mailan elkar ulertzea bultzatzen duten egitasmoetan parte hartzen dutenendako. Sariak argitara eman nahi du Europaren demokrazian gazteek duten ekarpena, propaganda ofizialaren arabera. Karlomagno bakeaz eta demokraziaz lotzeko ausardia handia behar da, jakina, edo zurikeria erraldoia, edo biak; zuek aukeratu!

Inperioa eta gerraren onespena hor daude, izan ere, Europako Komunitatearen hasieratik bertatik, bakezaletasunaren inguruko diskurtso ederrez jantzita, hori bai. Badaude beste Europak, jakina, historia hagitz aberatsa baita, baina Europa Inperialak gailendu eta baztertu ditu, baita beste inperio baten menpe erori bada ere. Eta fantasia atzerakoia berragertzen da aldiro, oraintxe, adibidez.

Beste Europa horien legatuak berreskuratu eta ikuskera ez gerrariak indartzeko tenorea ere izan daiteke gurea, indar harremanak aldatzen ahal direlako. Lehia irekita dago, eta milioika gara gerrarik nahi ez dugun europarrak. Badugu zer esan eta zer egin, beraz.

Search