Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Gora gu eta gure erritualak!

Komunitate bat kohesionaturik mantentzen duten ekintza sinbolikoak dira erritualak.

Byung-Chul Han filosofo korear-alemaniarrak liburu bat idatzi zuen erritualen desagerpenaz. Kritikatua izan da gizona, besteak beste, neoliberalismoaren erabateko garaipenaren tesia zabaltzen duelako, eraldaketarako betarik utzi gabe. Egia da bere idazkiak itogarriak gerta daitezkeela, marrazten duten panoramak angustia eragiten duelako, dena iraultzeko abian jartzeko gogoa baino. Oro har, gero eta kezkagarriagoa da pentsamenduaren esparru batzuetan nagusitzen ari den tonu apokaliptikoa, ekinbide askatzailerako energia ez baizik eta etsipena bultza dezakeelako (ez badago ezer egiterik, zertarako saiatu?). Badaude, beraz, Hanen pentsamenduari tentuz heltzeko arrazoiak, baina nago emankorra izan daitezkeela mahai gainean jartzen dituen afera batzuei erreparatzea, esaterako, erritualen garrantziari.

Filosofoaren arabera, komunitate bat kohesionaturik mantentzen duten ekintza sinbolikoak dira erritualak. Gure aurrean dugunari so egiteko ikuspegi inspiragarria iduritzen zait, begi bistakoa baita komunitatea eraikitzen duten hainbat praxi sinboliko ahultzen ari direla, oro har eta bereziki covid-19aren sindemia egoera nekagarri honetan. Eskuindarrak jabetu dira, horregatik, Iruñeko alkateak zezenketak nahi ditu uztailean San Fermin bestak bertan behera utzita ere. Ederki dakite zeinen garrantzizkoa den lehenesten duten komunitate soziopolitikoaren eraikuntza sinbolikoa ez etetea.

Neoliberalismoak eutsi die erritualei, kontsumo taupada, finantzen jarioa eta ezberdintasunen ekoizpena ez baitira eten, bizkortu baizik. Dirurik izanez gero, nahi adina ardo edaten ahal duzu zure etxeko egongelan, baina basoa altxa eta lagunekin topa egiteko errituala eten da, egoera honek aginduta. Lanaren logika indartu den bitartean, bestarena mugatu, pribatizatu eta komertzializatu egin da. Euskal komunitatearen eraikuntza sinbolikoaren eteteari erantzuteko formulak behar ditugu: gora gure erritualak!

Search