Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Guk ere olatuak egiten ahal ditugu

Bere burua sozialistatzat jotzen duen etorkin musulman bat izanen da New Yorkeko alkate berria, herritarren babes zabala lortuta. Emakume borrokalari erraldoi bat izanen da Irlandako lehendakaria, besteak beste, gazteen babesari esker. Olatu atzerakoiaren ideia nagusituta, zaila egiten zaigu halako berrien garrantziari erreparatzea, bizi garen garaiotan zabaldu baita nolabaiteko masokismo derrotista bat (edo derrotismo masokista, nahi bezala), zeinaren arabera gure arreta gehiago baitoa berri txarretara onetara baino. Hori ez da kasualitatea, alta, etorkizun hobearen espektatibak akabatzeko lan sistematikoaren ondorioa baizik. Egiturazkoak dira zerumuga ilusionagarrien eraikuntzarako oztopoak. Neoliberalismoak sortu edota bereganatu egin ditu eragiten duen egonezina bideratzeko formulak, eskuin muturraren eta antipolitikaren bidez, forma antisistemikoak hartuz sistema indartzen dutenak. Atmosfera horretan konkista sozial edo politikoak pentsaezinak dira, ezinezkotzat jotzen direlako, historia aspaldi bukatu baitzen kapitalismoa eredurik onena delakoan.

Makurrena da ezkerraren eta askapenaren aldeko esparruetan ere sartu dela ziri hori. “Dena ala ezer ez” edo “zenbat eta makurrago, orduan eta hobe” logiken arabera, edo edozein aurrerapenari kotoiaren proba zorrotza eginez, egoera eraldatzeko aukera ere ukatzen da, inoiz ez baita “benetako garaipen” gisa hartzen ahal den zerbait gertatzen. Nafarroan azken urteetan gertatu diren aldaketak ukatu edo gutxiesteko jarrera gaitz horren sintoma da, esaterako. Kontua ez da, jakina, aldaketa horiek asetzea ala ez (ni ez naute asetzen: askoz ere gehiago nahi dut! ). Afera da jakin behar dela zein mundutan eta zein garaitan bizi garen.
 
Guk ere olatuak egiten ahal ditugu, nahi eta ongi arituz gero. Gure jendarteak lorpen eta konkista sozial eta politiko gehiago eskuratzen ahal ditu… aipatu masokismoaren tentaldiak gainditzen baditugu, jakina!

Search