Haize berriak Nafarroa Garaian?
Egia da gauza bat dela adierazpen publikoak egitea eta beste bat aipatutakoa gauzatzea. Hitzak hitzak dira eta haizeak eramaten ahal ditu nahiko erraz. Baina, hori aintzat hartuta, politikagintzan, komeni da hitzei erreparatzea, batez ere, elementu berriak agertzen direnean. Alli nafar lehendakari ohiak eta Chivite egungo lehendakariak esandakoez ari naiz, jakina, bereziki euskararen ingurukoak, eta, lehenaren kasuan, euskal lurralde penintsularren elkartzeaz ere. Urrun daude diskurtso horiek azken hamarkadetan nagusitu diren posizioetatik. Mugimendu bat dago hor, hasieran esan bezala, praktikan baieztatu beharko dena, batez ere Chivite eta PSOEren aldetik, baina norabide egokitik datorrena eta aukera interesgarriak irekitzen ahal dituena.
Denetariko erreakziorik izan da, espero zitekeenez. Txaloak, mesfidantzak, atzera egiteko deialdiak. Panorama astindu dute hitz horiek eta ikusi beharko da noraino iristen den katea, baina bagaude, dagoeneko, beste une batean, eztabaida publikoaren markoak aldatu direlako. Orain agendan dago euskararen posizioa eta markoa aldatzeko eta berritzeko aukera, eta hori jauzi handia da, luzaz egon baita erabat blokeatuta. Nabarmena da, bestalde, herri mobilizazioekiko lotura eta horrek erakusten digu, berriro ere, jendarteak baduela agertoki berriak eraikitzeko ahalmena, potentzia hori kalean eta esparru instituzionaletan garatzen denean.
Lehia handia aurreikusi beharko dugu, gauzak horrela, erregimenaren jarrera itxien aldekoak ez baitira geldirik egonen. Haiek ere mugituko dira, haiek ere presionatuko dute, eta −ederki dakigunez− egiturazko abantailak dituzte beraien borondatea inposatzeko. Oraingoan ere, pazientzia estrategikoa eta finkotasuna uztartzea funtsezkoa izanen delakoan nago. Pausoz pauso, gelditu gabe, atzo arte ezinezkotzat jotzen zenari bideak irekitzen. Erronka ez da makala, baina aurrera egiteko tenorea da: balia dezagun, beraz!
