Oraingoan ez diot nik, Ayusok baizik. Nafarroan omen dago gakoa. Madrilgo Komunitateko lehendakariaren hitzak: «Ustelkeriarik handiena Nafarroa deitzen da». Nafarroan dago epizentroa, espainiar eskuin supremazista-autoritarioaren lider horren arabera. Arrazoi handiak izan beharko lituzke Ayusok ustelkeriaz ez hitz egiteko, baina interes oligarkiko handien babesak blindatzen du eta lasai asko mintzo da. Baina kasu, ustelkeria handiena aipatzean EH Bildurekiko harremanaz ari da. Argitaratu diren akusazioak baliatzen ditu jendearen haserrearekin konektatzeko, baina haientzako administrazioaren baliabideak negozioak egiteko erabiltzea ez da ustelkeria, eguneroko ogia baizik. Berriro ere, demagogia egiten dute erakunde kriminal izendatutako alderdi bateko kideak izan arren.
Ayusok pista batzuk eman dizkigu, horrela, aurrean duguna aztertzeko. Ustelkeria susmoak pisuzkoak direla dirudi eta gupidarik gabe ikertu eta zigortu behar dira, jakina. Ez da ahantzi behar, alta, Guardia Zibileko elitearen protagonismoa afera honetan. Euskal Herrian badakigu zertan aritzen den indar polizial-militar hori eta espainiar Estatuaren ibilbide historikoa ezagutzen duen orok ikasia du estatu sakonak ustelkeria monitorizatzen duela, eskua sartu gabe, bildutako informazioa estrategikoki erabiltzea erabaki arte. Horrela, lau haizeetara hedatzen dira ikerketen zati batzuk, komeni direnak, baina beste guzia ilunpean gelditzen da.
Eta hortxe, hain zuzen, kokatzen da Nafarroa. Gertatu zen Del Burgo, Urralburu eta Aragonekin. Pauta errepikatzen da: ustelkeria lehertzen da botere faktikoek inplikatutakoak agertokitik kanporatu nahi dituztenean, gobernuak erorarazteko, hauteskundeak aurreratzeko... Ayusoren hitzak bestela ulertu behar dira, horrenbestez: Nafarroa 78ko erregimena gainditzeko aukeraren epizentroa izan daitekeenez, derrigorrean bilakatu behar da errestaurazioaren kokagune. Argiago ezin.
