Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Txiki, Otaegi eta frankismoaren zuritzaileak

1945. urtean Estatu Batuek jaurtitako lehergailu atomikoek Hiroshima eta Nagasaki hiri japoniarrak suntsitu zituzten. Inori ez zaio bururatzen, alta, nazismoa, faxismoa eta japoniar inperialismoa eta bestaldean zeuden aliatuak berdintzea. Aliatu horiek Dresde eta Hanburgo hiri alemaniarrak bonbardatu zituzten, halaber, milaka herritar akabatuz, baina urte oro ospatzen da beren garaipena oihartzun zabaleko omenaldien bidez. Txiki eta Otaegik, berriz, frankismoak asasinatu bazituen ere, frankismoaren baliabide berdinak erabili omen zituzten eta ez dute, beraz, omenaldirik merezi, Gogora Institutuko zuzendariaren arabera. 

Bide beretik, EAJko kide batek esan digu, Txiki eta Otaegi oroitzeko pankartaren harira, beraiek faxismo guzien kontra egon direla. Faxismoak? Indar antifrankista armatuak faxistak ziren, akaso? Partisanoak eta SSkoak berdintsuak ziren? Baliabide berdinak erabiltzen zituzten? Aipatu beharko ditugu berriro lehergailu atomikoak eta hirien bonbardaketak? 

Bestalde, Gazara joan gaitezke, eta gure aurrean egiten ari diren genozidioarekiko jarrera zitalak gogora ekarri beharko genituzke.

Zurikeria nagusitzen da halako aferak eztabaidatzen direnean, baina frankismoa eta haren aurreko epelkeriaren zuriketa saioak gero eta patetikoagoak dira. Frankismoa diktadura faxista bat izan zen, Hitlerren eta Mussoliniren laguntzaz nagusitu zena. Frankismoari aurre egitea ez zen soilik eskubide bat, inperatibo etiko bat ere bazen. Eta hor dago koxka. Inperatibo historiko hori kolokan jartzen ari dira, frankismoa eta antifrankismoa berdindu nahian, inperatibo horren ukapenean oinarritzen baita egungo espainiar sistema politikoa. 

Dela frankismoarekiko lotura ez dutelako hautsi, dela ihes egin ziotelako diktadurari maila guzietan eta tresna guziekin aurre egiteko behar historikoari, Txiki eta Otaegi zikindu nahian dabiltza, baina zor historikoak agerian jartzen dituzte, kontrakoa bilatzen badute ere.

Search