Negua aurrera doa eta bere unerik gordinena-edo jada atzean utzita, garbi esan beharra dago aurten ere ez dela bere aurpegi ezagunena ematen ari. Kasu honetan eta gehienbat sare sozialetan neguzaleak garen meteorologoon artean halako frustrazio eta ezinegon bat sortu da, ez baitugu epe ertain edo luzera ezer ikusten.
Halako egoeretan, eredu meteorologikoek mapa txukunen bat ateratzen dutenean segituan hasten dira zientzia honetan zale direnak zenbait hari idazten etor daitekeenari buruz. Gauza da hari horiek zientzia fikzio direla eta hortik gaizki-ulertuak etor daitezkeela.
Azkenaldian komunikabide bati baino gehiagori irakurri diot neguko eguraldi makurrak datozela, erne ibiltzeko... hanka-sartze galanta. Komunikabide horiek atera dituzten titular eta artikuluak gezurretan oinarritu dira eta ez dira kezkatu ere egin lortu duten informazioa egia ote den edo ez jakiten. Ondoren jendeak ez omen ditu meteorologoak serio hartzen. Normala...
Are gehiago, zientzian oinarriturik ez dauden metodoei garrantzi handiagoa ematen diete batzuek eta hori bai dela larria, bakoitzaren sineskerietan sartu gabe.
Meteorologoon lana funtsezkoa da eguraldiaren berri emateko, baina baita komunikabideena ere, gure lanbidea eta lana serio hartuko badira.
