Eguzki eklipsea
Hilabete pasatxo falta da eguzki eklipserako eta jada jendea hasi da galdezka ea zer-nolako eguraldia izan dezakegun. Noski, oraino ezinezkoa da jakitea egun horretan izango den eguraldia, eta ez da jakiteko aukerarik izango, gutxienez astebete pasatu arte.
Abuztuaren 12an uda meteorologikoa ondo aurreratua izango da eta ordurako eguzki orduak minutu dezente jaitsiak izango dira, eta gauetan ere freskura handixeagoa izango da, non eta ez den enegarren bero bolada bat iristen. Abuztuan gainera aire beroaren eta aire hotzaren arteko talkak ohikoagoak izaten dira eta ekaitzetarako joera handi xamarra izaten du eguraldiak, nahiz eta azken urteetako abuztuak ez diren hain ekaiztsuak izan.
Mapa klimatikoek diote egun horretan eta ordu horretan Euskal Herrian zeruan hodeiak izateko probabilitatea %80koa dela. Espero dezagun kasu honetan ez hala gertatzea.
Eguzki eklipsea ikusi nahi bada, Arabara, Bizkai mendebaldera eta Nafarroa mendebal/hego-mendebaldera joan behar da. Ahal bada, altu xamar dauden eta mendebaldean oztopo gutxi dituzten lekuetara joatea komeni da.
Eklipsea ikusteko betaurreko egokiak hartu eta ez saiatu eguzkiari segundo askoz zuzenean begiratzen.
Fenomeno ezohikoa izango da, beraz, gozatu!
