Gure arbasoek esan ohi zuten ilargiak eragin handia duela naturan, eta halaxe da. Askotan begiratzen zioten landaketak noiz egin jakiteko, fruitu-landareak noiz kimatu jakiteko, baita eguraldi aldaketak aurreikusteko ere.
Oraingo honetan ere «zientzia vs sinesmena» gerran sartuko naiz. Meteorologiaren esparruan eta zientziaren aldetik egia da pisuzko arrazoirik ez dela ikusi ilargiak eguraldian eragin zuzena izan dezakeela uste izateko. Egia da mareetan eragin nabarmena duela, marea igotzeak lurrundu daitekeen ur kopurua areagotzen duela eta horrek euri gehiago egitea eta ekaitzak errazago garatzea ahalbidetzen duela.
Baina zuzenean eguzki-egunak elur-egun bilaka ditzakeenik edota eguraldi egonkorrak ezegonkor bilaka ditzakeenik ez du baieztatu orain arte zientziak. Gure arbasoek, aldiz, oso sinetsita zuten ilargialdi berriek eguraldia guztiz alda zezaketela. Eguraldi egonkorrak izan eta gero, ilbetea edo ilberria bazen, askotan entzuten nien nite aitona-amonei aldaketa etorriko zela. Eta, aizue, batzuetan hala zen.
Nire ustetan, ilargiak ematen zaiona baino pisu handiagoa du kliman. Arazoa da oso gutxi ikertua izan dela. Horrenbestez, ez dut lepoa jokatuko. Hala ere, gure arbasoek hala esaten bazuten, zerbaitegatik izango zelako da.
