Itsas denboraleak eta marea biziak
Ziklogenesi leherkor prozesua jasan duen eta Austen izena jarri dioten ekaitzak itsas denboralea eragin du gaurkoan euskal kostaldean, olatu handiak eta haize zakarra eraginez.
Baina bada egoera bat itsas denborale hauek are gaiztoago bilakatzen dituena, eta hori marea biziak dira. Astelehenean, ilbetea izango da, eta marea bizietan gaude. Urriko marea biziek ez dute iraileko marea biziek adina indar izaten, baina tamaina handikoak izaten dira, halaber.
Olatu handiak daudenean eta mareak normalak direnean, kalteak eragin ditzakete, baina, orokorrean, ez da hondamen handia izaten. Marea biziekin ordea, eta bereziki marea gora harrapatzen duenean, olatu hauek barnerago sartzeko gaitasuna hartzen dute, eta, orduan, kostaldean, kalte handiak eragin ditzakete.
Horri gehitu behar zaio olatuen arteko denbora, hau da, periodoa. Zenbat eta periodo luzeagoa, olatuak bere gain hartzen duen ur masa orduan eta handiagoa da, eta, kostaldera iristean, talka are eta bortitzagoa da.
Euskal kostaldean itsas denboraleak urtero izaten dira, baina une jakin batzuetan bortitzak izaten dira. Horren aurrean, kostaldeko herriek neurriak hartu beste erremediorik ez dute, etorkizunean itsas denborale hauen aurrean kostaldeko lehen lerroa salbu izateko.
