Maiatzean bero hau?
Bart tenperaturak oso altuak izan dira lurralde osoan, baita kostaldean ere, eta gaur ere halakoxeak izango dira. Jada batek baino gehiagok galdetu dit kalean maiatzean bero hau egitea normala al den. Ba erantzuna garbia da: bai, normala da.
Udaberriaren bihotza gainditu genuen eta jada uda meteorologikora gerturatzen ari gara. Uda meteorologikoa ekainaren 1ean hasiko da. Dagoenerako Afrika iparraldean aire masa beroak gailentzen hasiak dira eta ipar latitudeetako aire hotza pixkanaka iparraldera egiten ari da.
Horren ondorioz, ez da harritzekoa tarteka aire masa bero horrek Euskal Herria zeharkatzea eta izaten ari garen tenperaturak izatea. Esate baterako, 2022ko maiatzaren erdialdera 37 gradu harrapatu ziren hainbat txokotan; beraz, atera kontuak.
Normala ez litzatekeena bero honek egun askoan irautea da. Ez litzateke normala izango, ezta ona ere, bereziki uztentzat. Labore ugari ereiten da orain, eta halako beroek galera handiak eragingo lituzkete. Oso garrantzitsua da garaian garaikoa egitea, bai uztarentzat, baita guretzat ere.
Klimaren berotzearen testuinguruan, horrelako beroa izatea geroz eta ohikoagoa bilakatuko da. Okerra ez da, ordea, maiatza aurreratuta beroa egitea; okerra da geroz eta lehenago berotzeko itxura daukala etorkizunean.
