Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

50 urte

Egia da despertsonalizazioak masa-aro honetan dituen ondorio gaiztoek gure gatazka pertsonalen ulermenera hurbiltzen gaituztela baina, gaur egun, itzulerarik gabeko humanismoaren eta teknologia berrien boterera bideratutako posthumanismo baten artean gaude.

Duela 50 urte (1972an) Elkar argitaletxea sortu zen, baita Elhuyar elkartea eta Udako Euskal Unibertsitatea ere.

Duela 50 urte (1972an) bukatu nuen batxilergoa eta unibertsitatean sartu nintzen.

Duela 50 urte (1972an) nirekin batera ibilbide hau egin zutenetako batzuekin elkartu ginen bazkaritarako eta, Hark esango lukeen moduan, «huntaz eta hartaz» hizketan aritu ginen orduko erdal ikasketaz eta gaur egungo gizarte elebidunaz (ez euskalduna, otoi!...).

Orduko aldarria: «denak ala inor ez, dena ala ezerez»... nola aldatu den hartu genuen hizpide baina, funtsean, gizabanakoaren eta gizartearen arteko betiko talka sumatu genuen auzi horretan ere. Hau da, orain, biktimismo nartzisistaren eta niaren tuneo egozentrikoak menderatzen dituzten norberaren etengabeko eraikuntza antzuaz eta, halaber, ustezko errealizazio pertsonalaren ideologiak bultzatzen dituen talde-pultsio berdintzaileei kritikoki aurre egin ordez, jendetzan, besterik gabe urtzea sustatzen dituenaz hitz egin genuen.

Prozesu historiko luzearen ondorioz, jarrera higienikoak (komunari bakartokia deitzen genion garai batean...), hirigintza eta etxebizitzen birmoldaketak, baxeren erabilerak (bakoitzak bere platera, edalontzia eta abar) baita azken pandemiaraino bideak ere gizabanakotu egin gaituztela dudarik ez dago. Ibilbide hori modernitatea izenaz ezagutu dugu, «gara»-tik «naiz»-era eraman gaituena, hain zuzen ere.

Montaigne eta Thoreauren arabera, jendetzatik urruntzeko beharra zegoela ikasi genuen. Rousseaurekin, berriz, bizitza sozialarekiko higuinari kasu egin genion, Stirnerrek hura nabarmendu zuen eta Kierkegaardekin batera besteekiko nazka lehertu zen...

Egia da despertsonalizazioak masa-aro honetan dituen ondorio gaiztoek gure gatazka pertsonalen ulermenera hurbiltzen gaituztela baina, gaur egun, itzulerarik gabeko humanismoaren eta teknologia berrien boterera bideratutako posthumanismo baten artean gaude, eta ez dakigu nola aurre egin behar diogun horri ez oraingo honetan ezta aurrerantzean ere.

Mende erdia pasa da Elkar argitaletxea, Elhuyar elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea sortu zirenetik eta ni neroni erdal unibertsitatean sartu nintzenetik.

"Egin" eta "Euskaldunon egunkaria" itxi zizkiguten. Haien ordez GARA eta "Berria" sortu genituen baina, dagoeneko, NAIZen ari naiz...

Search