Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

«Aitona basati baten egunerokoa»

Goian aipatutakoa Errumanian jaiotako Tomas Abraham (1946) saiakeragilearen azken aurreko liburuaren izenburua da ("Diario de un abuelo salvaje", 2023). Hartan, covid-19aren pandemia deiturikotik abiatuta, zahartzaroaz eta denboraren joanaz nahiz aitona izatearen esperientziaz, lotura afektiboez, gorputzaz, minaz edota hauskortasunaz hausnartzen du. Hona arte, ezer berririk ez; izan ere, Victor Hugok ere gai horiek jorratu zituen "L’Art d’être grand-père" (Aitonaren lanak) 1877ko testu ospetsuan. Baina Abrahamek eguneroko bizitza ere jorratzen du covid-19aren garaiko isolamenduan, bai eta oroimena, heriotza eta bizitzaren zentzua ere.

Abrahamek umorez, ironiaz eta oso estilo pertsonalez idazten du. Ez da trama tradizionala duen liburua, filosofia eta bizitako esperientziak nahasten dituzten behaketa, oroitzapen eta pentsamenduen bilduma baizik. 

Ildo beretik dator Abrahamen azken liburua ("Pensar de nuevo", 2026), non, Sartre, Althusser, Foucault eta Deleuze filosofoak hizpide, dioen filosofiaz aritzeak ez duela derrigor esan nahi jakinduriaren bidetik ibiltzen ari garenik. Aitzitik, Foucaulten itzalean, honela dio: «Besteen pentsamenduak gogaitzen gaituelako lantzen dugu gogamena. Pentsamendu nagusiek gogaituko ez bagintuzte, aitarenak, apaizarenak, profetarenak, poliziarenak, maisuarenak, lehendakariarenak, politikariaren pentsamenduak gogaituko ez bagintuzte, kezkatuko ez bagintuzte, ez genuke geure kabuz pentsatu beharrik izango. Zapaltzen gaituen besteen pentsamendua da pentsarazteko lehen bulkada». 

Tomas Abrahamek dioenaren arabera, beraz, eta garai bateko aitona-amonek ondo dakigunez, geure gazte sasoietan aitaren, apaizaren, profetaren, poliziaren edota maisuaren agindu autoritario bezain tradizionalen aurrean (eta kontra) pentsatzen ikasi baldin bagenuen, orain, ordea, aurreikusitako geroaren aurka ere pentsatzen ikasi behar dugulakoan nago. 

Erresignazioaren kontrako pentsamendua premiazkoa baita, hau da, egoera zailak edo bidegabeak pasiboki onartu beharrean, haiek ulertu, zalantzan jarri eta aldatzeko aukera bilatzea da bidea. Jarrera horrek ez du esan nahi errealitatea ukatzea, baizik eta pertsonak bere askatasuna eta ekintza-gaitasuna erabiltzea, beti gauzak hobetu daitezkeela sinetsita. Labur esanda, etsipenaren eta amore ematearen aurrean, pentsatzea eta jardutea proposatzen jarraitu beharra dagoela izan daiteke oraingo aitona-amonen eguneroko zeregina. 

Search