Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Amnistiaz ase ala gose?

         

Espainiar Kongresuak gaur E Bilduk eramandako Amnistiako Legea aldatzeko proposamena eztabaidatuko du, horrela hala hilketa frankistak epaitzeko bidea irekitzen nola 40 urte baino gehiagoko zigorgabetasunarekin bukatzen saiatuko da. Halere, gure artean eztabaida berari ekitea komeni zaigulakoan nago. Hona hemen.

Ni Amnistiarekin geratu irten nintzen kalera 1976ean, baina Amnistiaren Legeak ekarrita, aldaketa handia bazetorrela ikusi nuen.Orain, dagoeneko, berrogeita bat urte pasatu dira garai hartatik, eta bide horretatik iritsi gara jada oraingo ziklo politikoaren aldaketara, non, independentziaren hautuaren aurrean, funtsezkoa zaigun gure esperientziatik behar bezala ikasi ahal izatea, edo ikasitako lezioak hemendik aurrera aplikatu ahal izatea, aurrerantzean kontakizun haiek, behintzat, berriro ez sinesteko .

Txibertaren erreferentzia da niretzat garai hartan ahaztezina[1], “Txiberta” zer zen ezaguna baita. Txiberta, Baionatik goragoko labarretatik gertu dagoen lakua, golf zelaia eta hotela da eta, hantxe Monzonek, Franco hil ondoren, elkartu zituen Euskal Herriko oposizioko gehienak balizko Trantsizio horren aurrean batera ibili ahal izateko. Eta hor, noski, jeltzaleek PSOErekin bai eta frankistekin ere paktatu egin zuten lehenengo hauteskundeetan sartu ahal izateko beste abertzaleen konpetentziarik gabe, nahiz eta amnistia, oraindik, gauzatuta ez izan. Hor sortu zen, bada, nolabait orain arte dirauen abertzaleen arteko haustura bat.

Errepresioaren aurrean herriaren protagonismoa gero eta handiagoa izan zen kalean amnistiaren eskaerarekin. Amnistiarena da, hain zuzen, berrirakurri edo birplanteatu egin behar den orduko gertakarietako bat.

Hau da, amnistiak zein puntutaraino jo zuen Euskal Herriaren alde edo, funtsean, amnistia ez ote zen izan, aldez edo moldez, frankismoaren aldetik erabilia beraiek egindako guztia ezabatu eta zuritu ahal izateko?

Beste aldetik, lehen esan dudan moduan, Alderdi Sozialistak egin zuen Suresnes-en bere kongresua eta hautsi egin zuen aurreko sozialismoarekin 1974an. Eta orduan hasi ziren Felipe González, Jorge Semprún, Fernando Claudín, Leguina eta enparauak boterea hartzen eta frankismoarekiko hitzarmen hura prestatzen, hain zuzen.

Haiez gain, Alderdi Komunistan hasi zen planteatzen ‘berradiskidetze nazionala’ (espainiarra, jakina). Haiek espainolen ikuspuntutik planteatzen zuten Berradiskidetze nazionala, noski, , ez zuten inoiz ere pentsatu Euskal Herria zegoenik, garai hartan Alderdi Komunistakoek oso garbi baitzuten Estatua zela borrokarako esparru bakarra.

Eta, ene aburuz behintzat, hor kokatu behar da amnistiaren aldarrikapena, aipatu ‘Berradiskidetze nazionala’ kontzeptualizazioaren barruan. Eta hortxe ere planteatu beharra dago, nolabait, zein puntutaraino amnistia horrek on edo txar egin zigun gainerakoei, espainiarrez bestekoei. Izan ere, amnistiaren bila borrokan geundenean (eta nik ikusi nituen, noski, nire lagun guztiak kartzeletatik kalera ateratzen borroka haien ondorioz eta amnistia horrekin batera), frankismoak lortu zuen beraiek egindako sarraski guztiak epairik gabe geratuko zirela ziurtatzea.

Garai hartan, egia da agian ezin zela amnistia beste modu batez planteatu, baina, horretarako, erreferentzia bezala besterik ez bada ere, Ramón Solak Gara-n idatzitako artikulua[2] ekarri nahi dut, non planteatzen baita egun azaltzen ari den halako justizia trantsizionala deitutakoa agerraraztea beharrezkoa izaten dela Trantsizio denboretan

Hori ez zen gertatu Estatu espainiarrean Trantsizio garaian, ordea. Amnistiaren legearekin, adibidez, zer gertatu zen?

Bada, ezin izan zitzaiela aurreko frankismoaren garaiko gertaerei berrikuspena egin eta, are gutxiago, ondorio ofizialik bilatu. Eta horretan oinarritu izan da Espainiako Epaitegi Gorena Garzón epaileari esateko, hain zuzen, Amnistia Legeak ez zuela ahalbidetzen, ez zuela baimentzen ezertxo ere egin ahal izatea frankismoaren krimenen aurrean[3].

Orduan, nire galdera, hau aztertzerakoan, zera da: ondo egin al genuen amnistia eskatzen, kontuan izanik amnistia bera beraiek, frankistek, erabili behar zutela eta horrek baldintzatu egingo zuela zetorren egokitzapen politikoa?

Beren inmobilismoa justifikatzeko ETA erabili izan dutenen eta, oraindik memento honetan erabiltzen ari direnen aurreko ankerkeria guztiak ordaindu gabe gera daitezen eskatu genuen orduko amnistia?

Baiki, nik uste dut garai hartan amnistia, sortu zela, hein batean, Alderdi Komunistaren berradiskidetze teorien eraginez, baina Euskal Herriak, halere, ongi erabili zuela, hau da, Euskal Herriak lortu zuen presoak kaleratzea eta hori izan zen orduan funtsezkoena baina ez da izan, ordea, lortutako emaitza bakarra

Lehenengo eta behin, nire ustetan, honezkero, Euskal Herriak ikasi du amnistiarekin, agian, ezin izan genuela guztiz asmatu, baina, halere, ez zegoela guztiz gure esku.

Orain, aldiz, gure esku dago beste prozesu batzuetatik ikasitakoa botere politikoaren ziklo aldaketa honetan proposatu ahal izatea, justizia trantsizionala indarrean jartzen hastea eta orduko amnistia legearen egokitzapena eskatzen hastea[4].

Eta gainera, funtsezkoa, nire ustez, amnistia garaian gertatu ez zena, ez euskaldunon aldetik behintzat (zeren eta Espainiaren aldetik horixe lortu zutela!) nazioarteko erakundeen babesa lortzea ezinbestekoa izango da. Izan ere, Espainiaren kasuan eta Franco hil ondoren, ustezko Trantsizioaren bukaeran, funtsezkoa izan zen kanpotik eragindako “tutoretza”.

Amnistiaren borroka, esaterako, ez dakit irabazi ote zen. Egia da jende guztia irten zela kartzelatik, baina Aldanondoren istorioak orduko metafora edo amnistia horren neurri eskasa eman zigun (Fran Aldanondo azken presoa izan zen eta, azkenean, berriro ere berehala harrapatua eta kartzelatua izan zena)[5]. Horrek esan nahi zuen amnistia ez zela euskaldunontzat baliagarria izan guztiz; frankistentzat bai, ordea. Haiek ondo jakin izan zuten horretaz baliatzen. Eta honek Amnistia legearen egokitzapena birplanteatzera eraman behar gaitu [6].

Orduan, ene ustetan behintzat, amnistia baino inportanteago izan zen presoak etxera eramatea lortu izan zela. Eta denok gara lekuko, edo batzuk oraindik ere gogoan daukagu behinik behin.

Beraz, “euskal presoak etxera” aldarria da irabazitako borroka bat. Irabazi baikenuen, ez dugu asmatu, irabazi egin genuen. Bere garaian irabazitakoa, bada, irabazteko daukaguna berriro, halere, baina hori irabazten dakigunez, irabazteko aukera ere badugu, eduki.

 



[1] Renobales, E (2010)  "La ruptura de Txiberta. Lo que no pudo ser". IPES.Bilbao.

[2] Sola, R.  “Justicia transicional, la llave del postconflicto”. Gara-n idatzitako artikulua 2012/03/05.

[3] Nahiz eta 2008tik NBEk frankismoarenak gizateriaren aurkako krimen gisa izendatua izan, “munduan beste asko bezala” Ivan, A (2012) Berria 2012/09/20. 

[4] Ildo honetatik datoz egun, amnistia legearen egokitzapenerako eskariak (ikus eranskina)

[5] Fran Aldanondoren istorioa in info@euskalmemoria.com

[6] Hori dela eta Frankismoaren Krimenen aurkako euskal Plataforma ari da udaletxe desberdinetan mozioak aurkezten orduko injustiziak kitatu daitezen eskatzen. Haien oinarrian NBEk 2008ko ebazpena dago, zeinak frankismoak eragindakoa legez inola ere iraungitu ezin den genozidio gisa izendatu duen.

Search