Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Barkamenik ez probintzientzat


Barkamenik ez probintzientzat

Ortega y Gassetek kaleratu zuen bere Redencion de las Provincias izeneko saiakera 1931an, Primo de Rivera jeneralaren diktadura bukatu ondoren eta gobernu progresista baten atarian, beraz. Bertan, La España invertebrada liburuan agerturiko bere aurreko hautu ideologikoak leundu zituen eta Espainiaren definizio modernoa proposatu zuen. Egun, espainiar estatuaren eskumak zein ezkerrak aurkezten dituzen egitasmoa eta praktikak (juridikoak barne) sakonean ulertu ahal izateko aipatu ekarpenak ezagutaraztea funtsezkoa delakoan nago; horrexegatik haiei buruz hitz egitera natorkizue.

La España invertebrada liburuan J. Ortega y Gassetek bildu zituen 1920tik aurrera El Sol deituriko egunkarian argitaraturiko artikuluak (Rev. de Occidente. Alianza. Madrid. 1920-21-22-83). Gauza bera suertatu zen La Redencion de las Provincias saiakerarekin (Alianza. Madrid. 1927-28-31-67.). Hau da, haren oinarria aldez aurretik prentsarako idatzitako iritzi artikuluak ziren. Hauxe dela eta, filosofia baino gehiago ideologia zirela zioen Ortegak berak. Edozein modutan ere, filosofo espainiarrak jarrera horrekin hasiera eman zion pentsaera garaikidean ohikoa bihurtu zaigun intelektualen jite aski ezagunari: Espainiako ereduaz eta historiaz egungo prentsaren doxologia, alegia, edota beste eraz adierazia, espainiar jakintsuen azalpen mediatikoari.

Gaurko prentsan, bada, horren ezinbesteko bihurtu zaizkigun ekarpen ideologiko postmoderno eta fragmentarioak J. Ortega y Gasseten prentsa ekarpenetan dute aitzindaritza. Hori bai, gero eta nabarmenago hautu politiko zentralistak eta guzti, Ortegak ideologia gisa bataiatu zuen genero hura, nahiz eta gaurkoek zuzenbidea, etika, morala edo auskalo nola jantzi eta saldu nahi.

Ortegaren ideologia politikoa, ostera, argia da. Espainiak bere estatua politikoki birmoldatu behar duenez Gaztela Handiaren ideia hartu beharra dago oinarritzat eta gutxiengo prestu baten pean eratu. Ildo horretatik, hau da, Espainiaren naziotasuna eraikitzeko Ortegak ez du inolako beldurrik Antonio Maura bezalako politiko ultraeskuindarrak aldarrikatzeko, edota Menendez Pidalen antzerako sinesmen neobisigotikoen alde agertzeko. (Viva Don Pelayo!?) ... bere arazo politiko bakarra, orduan ere, katalanak eta euskaldunok ginen, ideologo ustez argiarentzat partikularista amorratuak (gu) eta, berez, Espainia nazioaren eraikuntzarako berezko etsaiak (47.or.). Izan ere, J. Ortegay Gasseten pentsaeran «periferikook» elkartasun ezaren azalpen gardenak ginen eta erabateko «itotzea» (39.or.) eta gure kontrako «borroka» (63.or.) besterik ez dugu merezi izan. Gorteetan Mertxe Aizpuruaren hitzen kontra botatako irainak handik datoz, besteak beste.

Ortega konstituziozalea zen,1931ko ekainean eta Espainiako Carta Magnaren inguruko Gorteetako ezbaikan argi eta garbi mintzatu zen Kataluniako estatutuaren aurka eta, zehazkiago, Companysen kontra, bere ustezko «solidaritate faltagatik». Autonomiaren alde bazegoen, ordea, (176. or.), Espainiako lurralde guztientzat erabilgarria izan zitekeen autonomia mota nahi zuelako.

Ene aburu apalean, bada, politikari espainolek guztiek egun darabilten ideologia ortegianoa da muin- muinean. Demokraziaren ariketa beharrean partikularismoa eta intsolidaritatea omen da beraientzat autodeterminazioa aldarrikatzea. Autonomia nahi dute baina erregio guztientzat, baita Madrilentzat ere (hau paradoxal…) eta hori da haien ardatz politikoa, Konstituzionalismoaren sakralizazioa, alegia.

Espainiako lurraldeen arteko egitasmo komuna onartzen dute bakarrik (inolako salbuespenik gabekoa, gainera).

Hauek guztiak kontu zaharrak eta errotuak dira espainolen ideiatan eta ideologoengan.

Bere garaian mediak eta medioak erabili zituzten periferiko partikularista insolidarioen indar zentrifugoak baretzeko eta zentralitate politikoa euren egitasmoaren arabera birdefinitzeko. Begiratzea besterik ez dago, bestela, 1931ko espainiar Konstituzioaren inguruko debatea, non Espainia zentripetoaren hautua nabarmendu zen eta orain indarrean dagoen Konstituzio monarkikoan darraien.

Gure garaian ere, 1978ko Konstituzioaren VIII. atala, Armada espainiarraren altxamenduaren eskubide konstituzionala onartzearena egungo mugen balizko birmoldaketaren aurrean arrazoi bertsuan oinarritu da (Silver.Ph.W. Nacionalismos y Transicion. Euskadi, Catalunya, España. Txertoa. 1988), hauxe besterik ez baita Ortegak birformulaturiko Espainiaren ideia eta gaur egun indarrean dagoena .

Aznarrengandik Zapaterorengana ez dago besterik espainiar ideologian, berdin Mariano Rajoy edo Sanchez Castejon, Espainia zentripetoaren alde daude betiere.

XIX. mendearen bukaeran bezala, espainiar izaera gogoetagai dugu/dute berriro. Espainia arazoa zen 1898ko belaunaldiko intelektualentzat. Sasoi hartan jaiotako Ortega y Gassetek formulatu zuen ideologiak bizirik dirau. Izan ere, Arraziobitalismoaren aitapontekoak bazuen ere bere hautua, Espainiaren anatomia (autonomia) nazionala, hain zuzen, non demokrazia eta estatu-nazio espainiarra sinonimotzat hartu nahi izan zituen.

Ez esan, gero, eraikuntza nazionala euskaldunon asmakizuna denik, aitzitik bistan denez, estatuaren etnizazioa Espainiaren ideologiarekin gogorki loturik dago eta, autodeterminazio eskubidearekin gertatzn ez dena, bidenabar.

Nahiz eta Espainiako gobernuburua aukeratzeko betiko ideologia hori ezkutatu hala historiaz nola pentsamenduez espainiarrek ez dute beste biderik ezagutzen. Euskal Errepublika gauzatzeko behar besteko indarrik erdietsi ezean ez da inoiz probintzientzat barkamenik etorriko.

Search