Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Demokrazia ez da demografia

 

Michel Houellebecq idazle frantziarrak bere azken eleberrian dioanaren aurka (Soumission, 2015), demokrazia ezin da bozka ematearekin lotu bakarrik.

Nekez uler daiteke demokrazia herri jakin batean indarrean dagoen ekonomia sistematik kanpo, adibidez. Jende guztiarentzat bizi aukera berdintsuak ez dauden bitartean egoera horretan egon daitekeen izeneko demokraziak abizena behar du: burgesa edo formala.

Halere, izendapen hori, ematekotan, erabiliko genuke demokrazia substantiboa izango balitz baina, Joseba Sarrionaindiak dioenez, demokrazia ez da izen hutsa aditza baizik. Egin egiten den zerbait, alegia. Horregatik ezin da bozketa kuantitatibotara murriztu aditz horren praktika.

Bozak aintzakotzat hartzeko direla jakin badakigu baina demokrazia praktikatzerakoan, gizarte eragileen iritziak kontutan hartu behar diren hein berean, gai zehatzei buruz, herriaren usteak zuzenean hartu behar dira ezinbestean eta, aipatu bi ikuspuntuak behar bezala eskuratu ahal izateko, demokrazia zuzenaren erabilera arautu beharra dago.

Azken hau da, hain zuzen ere, Donostiako Udalak egin nahi izan duena herritarrekin batera eramandako bi urteko lanketa prozesua egin ondoren. Orain ordezkari politikoek dute hitza eta emaitzak, edozein delarik, demokrazia zuzenaren araudia erdiesteko bidean bizi denaren ariketa demokratikoa ezin izango du guztiz ordezkatu. Jadanik demokrazia zuzena lantzen praktikatu dugulako eta, azkenik, demokrazia demografiaren ondorioa baino zerbait gehiago baita. 

Search